Politika -
45 urte
"Zaindu gintuztelako, zainduko ditugu", martxoaren 3ko urteurrenerako leloa
Martxoaren 3ko biktimen omenez, egun horretan Gasteizko hainbat kale zeharkatuko dituen manifestazioa aurkeztu dute ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek, "memoriak bizirik dirauelako".
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
"Zaindu gintuztelako, zainduko ditugu" leloa aukeratu dute Gasteizen 1976an Poliziak hil eta zauritu zituen langileak oroitzeko martxoaren 3an egingo duten manifestaziorako.
Hain zuzen ere, Pedro Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo y Bienvenido Pereda beharginak hil zituen Poliziak, orain dela 45 urte Zaramaga auzoan jazotako istiluetan.
Horren aurrean eta martxoaren 3ko biktimen omenez, Gasteizko hainbat kale zeharkatuko dituen manifestazioa aurkeztu dute ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek, "memoriak bizirik dirauelako". "Belaunaldiz belaunaldi, justizia sozialaren, antifaxismoaren eta klase-borrokaren baloreak zabaldu ditugu", esan dute aurkezpenean.
Aurtengo mobilizaziorako hautatutako leloari buruz azaldu dute zaintza sistema publikoaren borroka aldarrikatzea dutela helburu, "behin-behinekotasunari eta arlo pribatuari" lotutako sektore bat delako.
"Zerbitzu publiko gehiago eta hobeak garatzeko beharra azpimarratu nahi dugu, dela arlo sanitarioan, dela zaintzan, dela hezkuntzan, eta langile guztien lan baldintzak hobetzea aldarrikatzen dugu", adierazi dute.
Manifestazioaren aurkezpenean baita, sindikatuak atsekabetuta agertu dira San Frantzisko eliza martxoaren 3ko biktimen memorial bihurtzeko orduan erabakia "aldebakarrekoa" izan delako.
"Uste dugu propaganda politikoa soilik bilatzen duela, prozesu horretan parte hartu duten administrazio berberek egunerokoan langileen eskubideak urratzen dituztelako", baieztatu dute.