Politika -

Argitaratu gabeko grabazioa

Guardia Zibilak euren zuloak eginarazi zizkien Lasa eta Zabalari, audio baten arabera

Perote koronelaren eta Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketaren beste zati batean entzun daitekeenez, Lasari eta Zabalari "buruan bi tiro" eman zizkieten "kaputxarik gabe".

Lasa eta Zabala, garaiko argazkietan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Lasa eta Zabala, garaiko argazkietan.
Lasa eta Zabala, garaiko argazkietan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Zabalza gazte nafarra nola hil zuten frogatu duen audioaren bertsio zabalago bat ezagutu da gaur. Elkarrizketa horretan, Luis Alberto Perote CESIDeko koronel ohiaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibilaren kapitainaren ahotsak entzuten dira, eta Lasa eta Zabala kasuaz mintzatzen dira. Audioa Naiz egunkariak kaleratu du astearte honetan.

Bertan, bi gazte gipuzkoarrez mintzatzen dira CESIDeko koronel ohia eta Gomez Nieto, garai hartan Intxaurrondoko kuartelean aritzen zena. Zalbazaren kasuan ez bezala, horiek "hil ez zitzaizkiela" argitu zion Gomez Nietok Peroteri, "buruan bi tiro" emanda hil zituztela baizik, "kaputxarik gabe". Gomez Nietok xehetasun beldurgarria eransten du, gainera: hil baino lehen euren zuloak eginarazi zizkietela. "Aurrena, euren zuloak eginarazi zizkieten, zuloak eginarazi genizkien", dio hitzez hitz.

Zabalza auziaren harira atzo argitaratutako grabazioaren zatian gazte nafarraren heriotzaz hitz egiten dute Guardia Zibilaren bi goi kargudunek, baina gaur ezagutu den bertsio zabalago horretan, Lasa eta Zabala auziaz galdetzen dio koronelak Gomez Nietori. Hauxe da audioaren transkripzioa:

Perote: —Zabala eta beste hura akabatu zituztenean... Nor zen bestea?

Gomez Nieto: —Lasa? Hori bi tiro izan ziren buruan.

Perote: —Bi tiro?

Gomez Nieto: —Bi tiro buruan kaputxarik gabe

Perote: — Bi tiro eta... kaputxarik gabe ez ezer?

Gomez Nieto: —Ez, ez. Bi tiro izan ziren.

Perote: —Alegia, hil egin zituztela, ez zitzaizkien hil.

Gomez Nieto: — Aurrena euren zuloak eginarazi zizkieten, zuloak eginarazi genizkien.

Perote: —Joder!

Grabazio hori Miguel Angel Llamasek eta Amaia Merinok otsailaren 26an zinema aretoetan estreinatuko duten "Non dago Mikel?" dokumentalerako egindako ikerketaren emaitza da.

Audio horren edukia ezagutu ostean, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskatuko dutela iragarri zuten EH Bilduk eta Geroa Baik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Gipuzkoa Eguneko albisteak Albisteak Pili Zabala Terrorismoaren Biktimak Giza eskubideak Polizia indarkeriari buruzko albisteak