Politika -
DIMISIOA
Ustez, kide baten NANarekin kontu korronte bat irekitzen ahalegindu zen Miren Larrion
Identitatea ordeztea leporatu dakioke. Astelehenean Ertzaintzaren aurrean deklaratu du.
EITB MEDIA
Atzo Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko Udaleko bozeramailearen dimisioaren berri izan ostean EITB Mediak gaur baieztatu duenez, atzo deklaratzera deitu zuen Ertzaintzak.
Radio Euskadik kontsultatutako iturrien arabera, litekeena da EH Bildu koalizioko beste pertsona baten identitatea ordezkatu izana. Pertsona horrek aspaldi salatu omen zuen bere diru zorroaren eta dokumentazioaren desagerpena.
Vocento taldeko egunkariek gaur zabaldutako informazioaren arabera, ustez beste pertsona baten NAN agiriarekin kontu korronte bat zabaltzen ahalegindu da.
EH Bilduri galdetuta, ez dute informazioa baieztatu. Atzo ohar bat zabaldu ondoren, koaliziotik ez dute gaiaren inguruko beste adierazpenik egin.
EH Bilduk ohar labur batean atzo azaldu zuenez, "bere eremu pertsonalari lotuta dauden gertakari" horiek "kode etikoa urratuko lukete". Koalizioko iturriek ez zuten urraketa horren inguruko xehetasun gehiagorik eman.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Ertzaintza Miren Larrion ikertzen ari da, baina ez du auziari buruzko xehetasunik emango, ikerketa sekretupean baitago.
Miren Larrion EH Bilduren agintari garrantzitsuenetakoa zen Araban. Koalizioaren bozeramailea zen Gasteizko Udalean 2015etik, eta legebiltzarkidea izan zen 2016a eta 2019a bitartean. Ingeniaria eta unibertsitateko irakaslea da, eta bere garaian Arnaldo Otegiren ordezkoa izango zela ere zabaldu zen.
Erreakzioak
Miren Larrionen dimisioa erreakzio soka luzea eragiten da.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak auziaz hitz egin du. Haren esanetan, Miren Larrionek delituren bat egin duela baieztatzen bada, justiziaren aurrean erantzun egin beharko du legea guztiontzat berdina delako. Errugabetasun presuntzioa azpimarratu du eta esan du ez duela eroritako zuhaitzetik egurra egingo.
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak, bere aldetik, azalpenak eskatu dizkio EH Bilduri.