Politika -

Pablo Hasel

Zortzi atxilotu eta istilu gutxiago Bartzelonan, seigarren protesta egunean

Mossoek 22:45 aldera egindako balantzearen arabera, bost pertsona atxilotu dituzte arropa denda batean lapurtzeagatik eta hiru, berriz, desordena publikoengatik.

Zortzi atxilotu eta istilu gutxiago Bartzelonan, seigarren protesta egunean. Argazkia: EiTB Media
Zortzi atxilotu eta istilu gutxiago Bartzelonan, seigarren protesta egunean
Zortzi atxilotu, zazpi agente zauritu eta istilu gutxiago, bart Bartzelonan

1:15

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko egunetan baino gau lasaiagoa izan dute Bartzelonan igande honetan; izan ere, Pablo Hasel rap-kantariaren aldeko manifestazioetan ez da istilu larririk izan, gertakari gutxi batzuk eta ekintza bandaliko isolaturen bat baino ez, guztiak ere behin protestak amaituta.

Esquadra Mossoek 22:45 aldera egindako balantzearen arabera, zortzi pertsona atxilotu dituzte: bost, arropa denda batean lapurtzeagatik, eta hiru, desordena publikoengatik. Bartzelonako Udaltzaingoak ere parte hartu du operatiboan, eta guztira zazpi agente arin zauritu dira eta bi ospitalera eraman behar izan dituzte.

Ehunka pertsona bildu dira Santseko geltokiaren aurrean 19:00ak aldera. Ordurako, baina, polizia talde handi bat zegoen bertan. Adierazpen askatasunaren aldeko hitz batzuk esan eta gero, protestariek manifestazioa hasi dute Tarragona kaletik Espainia plaza aldera.

Istiluak saihesteko asmoz, Mossoek Santseko geltokiko sarrerak itxi dituzte. Bitartean, Udaltzaingoek trafikoa moztu dute eta mossoek polizia-hesi bat osatu dute parte hartzaileei Espainia Plazara sartzen ez uzteko. Ondorioz, Diputazio kaletik joan dira.

Eixampleko hainbat kale zeharkatu ondoren, manifestariek (Udaltzaingoaren esanetan, mila inguru), martxa baketsua hasi dute hiriaren erdigunetik Via Laietana etorbidera iritsi arte. Orduan, kaputxadun batzuek harriak, zakarrontziak, zabor-poltsak eta beirazko botilak jaurti dituzte.

Petardo batzuk ere bota dituzte eta kalean zehar topatu dituzten hainbat elementu bota dizkiete poliziei. Dena dela, gutxi batzuk izan dira, manifestari gehienak istilu horietatik urrun baitzeuden.

Azkenik, Mossoen furgonetek Via Laietana etorbidean zegoen jendea handik botatzea lortu dute. Bezperan istilu larriak izan ziren Musika Jauregira hurbiltzen saiatu dira batzuk, baina ez dute lortu.

Manifestari gehienak Katalunia plazara abiatu dira. Hala ere, batzuk Katalunia Hiribidera joan dira, eta ekintza bandalikoak egin dituzte. Gainera, Gracia pasealekuan ere izan dira horrelako ekintzak, eta zenbait dendatan kalteak eragin dituzte.

Azken egunetako protesta egunetan gertatu den moduan, 22:00etan, pixkanaka, egoera lasaitzen hasi da Kataluniako hiriburuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika albisteak Bartzelona bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Manifestazioak gaur