Politika -
Terrorismoaren biktimak
Sara Buesa, "aniztasuna errespetatzen duten proiektu politiko barnerakoien" alde
"Euskal nortasuna eta kultura aintzat har ditzakegu, eta aldi berean giza eskubideak eta herritartasuna babestu", esan du Fernando Buesa buruzagi sozialistaren alabak.
E. L. | EiTB Media
"Euskal nortasuna eta kultura aintzat har ditzakegu, eta aldi berean giza eskubideak eta herritartasuna babestu, gure gizartearen aniztasuna errespetatzen duten proiektu politiko barnerakoiak aurrera eramaten baldin baditugu", azpimarratu du Sara Buesak, Fernando Buesa buruzagi sozialistaren alabak. Komunitate "inklusibo" bat eraikitzearen alde agertu da, "ezberdinen arteko benetako elkarrizketarekin".
Fernando Buesa Fundazioaren presidenteordeak Gasteizen egin ditu adierazpenak; izan ere, astelehenean 21 urte beteko dira ETAk buruzagi sozialista eta Jorge Diez ertzaina, politikariaren bizkartzaina, hil zituela.
Herritar guztien berdintasuna eta duintasuna defendatzeko eta aniztasuna errespetatzeko "konpromiso etikoak" hartu behar direla uste du Buesak, "ez soilik estetikoak". Horretarako, "tribu jokabide baten arrastoak alboratzea" beharrezkoa dela gaineratu du, elkarbizitza baldintzatzen dutelako.
Horrela, indarkeriaren erabilera justifikatzen duten diskurtsoei aurre egitea eta krimenak egin dituzten pertsonen omenaldiak ez onartzea eskatu du, "benetako tolerantzia ez delako mota guztietako jokabideak onartzea".
"Euskal komunitatea birpentsatzeko unea da", ziurtatu du Buesak. Zentzu horretan, "komunitate" sentimendua eta "tribua" alderatu ditu.
Erantsi duenez, "komunitate bat osagai afektiboan oinarritu beharrean nortasun edo kultura zehatz baten gainean eraikitzen denean, komunitate izateari utzi eta tribu bihurtzen da". Euskadik "eskarmentu ona du horretan", adierazi du.
"ETAren proiektu politikoa indarkeria terroristaren bidez egitasmo sektario bat inposatzen saiatu zen, euskal gizarte homogeneo baten ikuspegi idilikoan oinarrituta. Komunitate 'puru' bat, non nortasun desberdintasunak defentsa harresiak ziren, gainerakoak baztertuz", gogorarazi du.
Horrela, nabarmendu du beharrezkoa dela "eskubide urraketa guztien aurka argi" azaltzea, "krimenak egin dituzten pertsonak omentzen edo goratzen ez uztea" eta "indarkeriaren erabilera justifikatzen duten diskurtsoei aurre egitea".
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikarako sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, besteak beste, ekitaldian izan dira gaur.
Fernando Buesa Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea, Arabako ahaldun nagusia eta PSE-EEko bozeramailea izan zen Eusko Legebiltzarrean.