Politika -
Protestak
Milaka pertsonak Pablo Hasel rap-kantariaren askatasuna eskatu dute berriro
Iruñean, Espainiako Poliziak manifestarien aurka kargatu du. 800 pertsona inguruk hartu dute parte Iruñeko manifestazioan.
E. L. | EiTB Media
Pablo Hasel raperoaren askatasuna aldarrikatzeko protestak berriz errepikatu dira Euskal Herriko hainbat txokotan, hala nola Tolosan, Beasainen eta Lizarran, eta Espainia osoan, batez ere Katalunian. Manifestazio gehienetan ez da istilurik izan. Hala ere, Iruñean, Espainiako Poliziak manifestarien aurka kargatu du.
Espainiako Poliziak jakitera eman duenez, manifestari batzuk poliziak iraintzen hasi dira, eta objektuak jaurti dituzte. Ondoren Polizia manifestariei oldartu zaie. Zabor edukiontziren bati su eman diote manifestariek.
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak azaldu duenez, 800 pertsona inguruk hartu dute parte Iruñeko manifestazioan, Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, "Pablo Hasel Askatu" lelopean. Kale Nagusia, Udaletxe plaza, Estafeta, Amaia, Orreaga eta Karlos III.a Noblearen etorbidetik ibilbidea egin du protestak, Sarasate pasealekuan bukatzeko.
Hain zuzen ere, Sarasate pasealekuan manifestari batzuk Poliziari botilak eta harriak botatzen hasi dira, eta orduan polizien oldarraldia hasi da.
Ondoren, manifestariak San Nikolas kaletik sartu dira San Frantzisko plazara arte. Zenbait edukiontzi gurutzatu dituzte bertan, eta su eman diete.
11 pertsona atxilotu dituzte liskarren bosgarren gauean, Katalunian. Madrilen, ostera, elkarretaratzea egin dute Callao plazan, eta ez da istilurik eta atxiloturik izan, Poliziako iturriek jakitera eman dutenez.
Cornella (CUP): "Borra kolpeek eta Estatu operazioek ez dute askatasun grina zapuztuko"
Bestalde, Dani Cornella CUPeko diputatu eta Celdrako (Girona) alkate ohiak Esquadra Mossoen eraso bat salatu du larunbat honetan. Gertakariak Gironako protestan jaso ziren ostiralean. "Borra kolpeek eta Estatu operazioek ez dute herri honen askatasun eta justizia sozial grina zapuztuko", ohartarazi du Cornellak.
Txio batean bideo bat partekatu du diputatuak. Horrela, ustezko erasoaren ondoren jasotako babesa eskertu nahi izan du CUPeko ordezkariak. Azkenik, "garai berriaren hasierarekin" konprometiturik jarraituko duela ziurtatu du Cornellak.