Politika -
ZALDIBAR
Zaldibarko auzian 'erantzukizun politikoa' dagoela uste du herri-akusazioak
Hori dela eta, prozesu judizialean dagoen "iluntasunari argia emateko", herritarren laguntza eskatu dute.
A. S. | EITB MEDIA
Zaldibarko zabortegiaren auzian, Zaldibar Argituz plataformako eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek egindako herri-akusazioak uste du "ukaezina" dela Verter Recyclingek "hondamendian" duen erantzukizun zuzena.
Hala ere, eremu instituzionalean ere "erantzukizun politikoa" dagoela esan du eta prozesu judizialean dagoen "iluntasunari argia" emate aldera, herritarrei laguntza eskatu die.
Zaldibar Argituz-ek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Durangoko epaitegietan, herri-akusazio gisa aurkeztea onartu ostean.
Gaur egun, Durangoko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegian bi auzi daude irekita Zaldibarko zabortegian gertatutakoa argitzeko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta Zaldibar Argitu plataforma ingurumenaren aurkako delituagatik irekitako auzian onartu dituzte. Bi taldeek gogorarazi dute une honetan Verter Reciclyng 2002SL enpresa dela ikerketapean dagoen bakarra, baina beste erantzunkizun batzuk atzematen badira, "hori etorkizunean alda daitekeela".
Bigarren auzian ere aurkezteko izapideak egiten ari direla aditzera eman dute, eta laster jasotzea espero dute. Bigarren auzi horretan, langileen eskubideen aurkako delituak ikertuko dira.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Zaldibar Argitu plataformak herri-akusazio bat antolatuko dute "herri-interesen defentsan, eskubide osoz aktiboki parte hartuz". Horretarako, talde juridiko bat osatu dute, eta dagoeneko lanean ari dira "erantzukizunak, egia eta justizia argitzeko".
"Zabortegia ilunpetan erori zen eta iluntasunak gaur egun dirau. Ez da informazio gardenik eman, ez da erantzukizunik argitu eta ez da urratsik egin agintari publikoen aldetik ", gaineratu dute.
Diru-bilketa herrikoia
Hori dela eta, "iluntasunari argia emateko" herri-akusazio gisa aurkeztu direla azpimarratu dute, eta horrek "lan handia eta inbertsio ekonomiko handia" ekarriko duela gaineratu dute. Horregatik, "Itsulapiko plataforman diru-bilketa herrikoi bat" antolatu dute, eta opariak erosiz herritarren ekarpen ekonomikoa eskertu dute.
"Gure ahalegin guztiak jarriko ditugu prozesuan zehar egia eta justizia argitzeko. Zentzu horretan, herritarrak gonbidatzen ditugu gurekin bat egitera, bakoitzak ahal duena emanez ", adierazi dute. Diru-laguntzak martxoaren 4ra arte eman ahal izango dira.
Beren ustez, Zaldibarko hondamendian "ukaezina da Verter Recycling enpresak duen erantzukizun zuzena". Hala ere, uste dute horiek ezin direla "eremu pribatura mugatu, eremu instituzionalak erantzukizun politikoa baitu gertatzen ari zenaren gainean".
"Zaborraren kudeaketa pribatizatzeak eta kontrol publiko nahikoa ez izateak negozio bihurtu dute hondakinak kudeatzeko egungo eredua, eta patronalak bere etekina aurkitu du langileen osasunaren, bizitzaren eta naturaren kontura", adierazi dute.