Politika -
Katalunia
Bigarren egunez, istiluak izan dira Pablo Haselen aldeko mobilizazioetan
Rap-kantaria Lleidako espetxean sartu zuten asteartean, eta mila manifestari inguru haraino joan dira. Madrilen egindako bilkura ere liskarrekin amaitu da. Gazte batek begia galdu du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bigarren egunez jarraian, hainbat manifestazio izan dira Kataluniako hirietan Pablo Hasel rap-kantariaren espetxeratzea salatzeko, eta mobilizazioak manifestarien eta polizien arteko liskarrekin amaitu dira. Gutxienez 29 protestari atxilotu dituzte eta hainbat zauritu dira.
Abeslariaren askatasuna eskatzeko bilkurak Estatuko beste hainbat hiritan ere izan dira, Madrilen, besteak beste, eta han ere izanda dira istiluak eta atxiloketak. Madrilen erdigunean, gutxienez 19 protestari atxilotu eta 55 zauritu dira.
Hasel atzo sartu zuten Lleidako kartzelan. Espainiako Auzitegi Nazionalak bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zion, bere abestien letrekin eta Twitter sare sozialean idatzitako zenbait mezurekin terrorismoa goratzea eta Espainiako erregeari irain egitea egotzita.
Bartzelonan, 2.000 pertsona baino gehiago atera dira kalera, musikaria aske uztea eskatzeko. Manifestazioa Gracia Lorategian abiatu da, eta Katalunia plaza igarota Urquinaona plazara iritsi direnean, lehendabiziko barrikadak jarri dituzte errepidean.
Mossoek foam balak jaurtita erantzun dute, eta manifestariek harriak bota dizkiete.
(Lleidan egin duten manifestazioa. Argazkia: EFE)
Martxa Lleidako espetxeraino
Lleidan ere, mobilizazio jendetsua egin dute. Mila lagunetik gora manifestazioan joan dira Pablo Hasel dagoen kartzela atariraino, eta han hasi dira liskarrak.
Gironan, Urriaren 1a plazan egin dute bilkura, eta adierazpen bat irakurri ostean, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitzara joan dira. Eraikina Polizia Nazionalak eta Esquadra Mossoek inguratuta zegoen.
Manifestariak abiapuntura itzuli dira, eta orduan hasi dira liskarrak, poliziei hainbat objektu jaurtiz. Zakarrontziei su eman diete eta barrikadak jarri dituzte errepidean.
Tarragonan, manifestariak A-7 autobidera joaten saiatu dira, baina Poliziak bidea moztu die eta ez da istilurik izan.
Madrilen, Puerta del Sol plazan, mobilizazio jendetsua egin dute eta liskarrak izan dira. Polizia oldartu egin zaie eta manifestariek harriak eta bestelako objektuak bota dituzte agenteen aurka. Gutxienez 19 protestari atxilotu dituztela eta 55 pertsona zauritu direla jakinarazi dute.
Granadan ere egin dute Hasel askatzea eskatzeko manifestazioa. 200 bat pertsona elkartu dira eta hainbat kontainer erre dituzte.
Gazte batek begia galdu du
Atzoko istiluetan, 18 pertsona atxilotu zituzten eta 50 zauritutik gora izan ziren Katalunian. Generalitateko Osasun Kontseilaritzak gaur baieztatu duenez, emakume gazte batek begi bat galdu du.
Iridia giza eskubideen aldeko elkarteak salatu duenez, Mossoek jaurtitako foam bala batek jota galdu du begia.
BIDEOA | Pablo Haselen askatasunaren alde Madrilen egindako mobilizazioa