Politika -
Katalunia
ERCk eta CUPek abiatu dituzte Kataluniako Gobernua osatzeko negoziazioak
Bi alderdiak bat datoz hauteskundeei buruzko analisian: independentismoa indartu egin da eta gorakada ezkerretik iritsi da.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
ERCk eta CUPek asteazken honetan abiatu dituzte Pere Aragonesen inbestidura ahalbidetzeko eta Kataluniako Gobernua osatzeko negoziazioak.
Halaber, aurrerantzean Errepublikarako bidea nola egin beharko litzatekeen ere aztertu dute eta Kataluniako egoera sozio-ekonomikoa ere izan dute hizpide. Datorren astean berriro biltzekotan gelditu dira.
ERCk agiri batean azaldu duenez, bi alderdiak bat datoz hauteskundeen osteko analisia egiterakoan eta biek uste dute "independentismoa nagusitu" dela eta mugimendu horren "hazkundea ezkerretik" datorrela.
Horrez gain, Esquerrak adierazi du bi alderdien arteko harremanaren egoera neurtzeko eta negoziaketaren oinarriak jartzeko baliatu dutela batzarra.
Beste agiri batean, CUPek azpimarratu du Kataluniako gizarteak "ezkerreko politikak" ezartzea eta "Errepublika eraikitzeko urratsak ematea" eskatzen duela.
ERCren izenean Marta Vilalta, Josep Maria Jove, Sergi Sabria eta Laura Vilagra izan dira batzarrean. CUPen talde negoziatzailea, berriz, Carles Riera, Eulalia REeguant, Pau Juvilla eta Xavier Pellicer osatu dute.
JxCat eta En Comu Podem koalizioekin bilduko da CUP
Bestalde, CUPek esan du ezinbestekotzat jotzen duela datozen egunetan izango den negoziazioa "gardena eta argia" izatea.
Horrez gain, datozen egunetan erakunde, talde eta eragile sozial ezberdinekin bilduko direla jakinarazi du, "aro berri honetan oso garrantzitsuak izango diren gaiak aztertzeko".
Ildo horretan, CUPk iragarri du En Comu Podem eta JxCat koalizioekin batzartu nahi duela eta gainerako alderdiei aurkeztuko dien programa soziala adosteko barne-asanbladak antolatuko dituela.