Politika -
Espetxe zigorra
Calvo, Hasel auziaz: "Adierazpen askatasuna ez da indarkeriarekin defendatzen"
Rap musikari katalanari buruzko "diskurtso faltsuak" gaitzetsi ostean, Jon Iñarrituri erantzun dio Calvok. EH Bilduko diputatuak esan du Espainia dela kartzelan artista gehien dituen herrialdea.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Carmen Calvo Espainiako Gobernuko lehen presidenteordeak gaitzetsi egin ditu Pablo Haselen espetxe zigorrari buruz zabaldu diren "diskurtso faltsuak". Halaber, azpimarratu du adierazpen askatasunaren oinarrizko eskubideak bere mugak dituela eta, nolanahi ere, ez dela indarkeriarekin defendatu behar.
Horrela erantzun dio Kongresuan EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk egindako galderari. Haren esanetan, Espainia da kartzelan artista gehien dituen herrialdea. Esandakoa arrazoitzeko, Valtonycen eta Auzitegi Nazionalean epaitutako titiriteroen eta txiolarien kasuak jarri ditu adibidetzat. Iñarrituren ustez, "kontu zentzugabeak" dira, eta "erabateko demokraziari bidea ixten diote".
"Konstituzioaren 20. artikulua (adierazpen askatasuna) osorik irakurri behar da, zuk esandakoa gerta ez dadin, alegia, erdipurdi uler ez dezagun. Ez dago modu absolutuan gauza daitekeen eskubide bakar bat", berretsi du presidenteordeak.
Ildo horretan, gogora ekarri du adierazpen askatasunak ere ohore eta babes mugak dituela. "Ez egin adierazpen askatasunari buruzko diskurtso faltsu bat", ohartarazi dio.
Pablo Iglesias presidentordeak, baina, ez du Calvo gobernukidearen erantzuna txalotu. Azken honek, giroa lasaitzeko asmoz-edo, "espetxe zigorrik egon ez dadin", ahal bezain pronto iritzi delituen erreforma bideratuko dutela esan du.
Nolanahi dela, buruzagi sozialistak EH Bilduri esan dio ez dagoela "inola ere" indarkeriaren bidez defenda daitekeen eskubiderik, ezta adierazpen askatasuna bera ere.