Politika -
Migrazioa
Frantziako eskuin muturrak migratzaileen aurkako bilkura egin du Behobian
Batasun Nazionaleko dozena bat ultraeskuindar batu dira eta parean ehundik gora antifaxista izan dituzte. Tentsio uneak izan dira.
EITB MEDIA
Frantziako eskuin muturrak immigrazio "masiboa" salatzeko elkarretaratzea egin du Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan, Behobiako zubian. Dozena bat kide bildu dira eta parean izan dituzte ehundik gora lagun Euskal Herria harrera herria eta antifaxista dela aldarrikatuz.
Frantziako Poliziak bi manifestari taldeen aurrez aurrekoa galarazi du eta tentsio uneak izan dira.
Koronabirusaren pandemiagatik atzeratu zituzten eskualdeetako hauteskundeak ekainaren 13an eta 22an izango dira, eta Batasun Nazionalak Behobian migratzaileen aurkako bilkura batekin abiatu du kanpaina.
Edwige Diaz Akitania Berriko zerrendaburu ultraeskuindarraren esanetan, "hona etortzea sinbolo bat da guretzat, gure boto-emaileei esateko frantziarrekin gaudela eta haien interesak defendatuko ditugula".
"Akitania Berrian dagoen langabezia tasa ikusita, lehentasuna frantziarrek dute; ezin dugu immigrazio gehiago onartu", erantsi du.
Ipar Euskal Herriko ezkerreko alderdiek, eragile sozialek, sindikatuek eta etorkinen aldeko elkarteek "probokaziotzat" jo dute eskuin muturraren deialdia.
"Xenofobiak eta arrazismoak harresiak eraikitzen ditu, eta guk zubiak eraiki nahi ditugu", adierazi du Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko bozeramaileak.