Politika -
Hauteskundeak Katalunian
Inbestidurara aurkeztuko direla iragarri dute Illak eta Aragonesek
Independentziarantz pausoak emateko, elkar ulertzea eskatu die Juntsek ERCri eta CUPi. CUP Junts, ERC eta En Comu Podemekin harremanetan jarri da dagoeneko, akordioak adosteko asmoarekin.
E. L. | EiTB Media
PSC
Salvador Illa PSCko zerrendaburuak inbestidurara aurkeztuko dela iragarri du, Katalunian “aldaketa” aurrera eramateko, sozialistek Kataluniako hauteskundeak botoetan irabazi eta eserlekuetan (33) ERCrekin berdindu ondoren.
“Aldaketa Kataluniara geratzeko heldu da, eta gaurko garaipena aurrerapauso handi bat da, baina soilik lehen pausoa”, adierazi du ministro ohiak PSCren egoitzan. Bertatik boto zenbaketa jarraitu du Illak. Buruzagi sozialista batzuek zerrendaburu sozialista lagundu dute agerraldian, besteak beste, Miquel Iceta, ‘Illa efektuaren” ideologoa.
ERC
ERCk PSCren eserleku kopuru bera lortu du (33), baina bloke independentista barruan hegemonia kendu dio JxCati. Horretik, Pere Aragones hautagaiak bere inbestidura defendatuko duela iragarri du. “Gobernu zabala” nahi du, indar soberanista guztiekin.
PSCrekin eserlekuetan berdinduta eta ia 600.000 boto lortuta, autodeterminazioaren eta “amnistiaren” aldeko alderdi guztiekin gobernu bateratu bat negoziatzeko aukera duela uste du Aragonesek.
Gainera, Kataluniaren historian “garai berri” bat hasten dela esan du, independentismoak bozen % 50a gainditu ondoren. Horregatik, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari zuzendu zaio, eta Kataluniaren eta Estatuaren artean “gatazka politikoaren” konponbidea negoziatzeko gonbita egin dio.
Junts
Independentziarantz pausoak emateko, elkar ulertzea eskatu die Laura Borras Juntseko hautagaiak ERCri eta CUPi, independentismoak eserlekuen % 50a gainditu ondoren, eta aurrenekoz ere, botoetan.
Carles Puigdemont Generalitateko president ohiarekin prentsaurrekoa eman du. Pere Aragonesi (ERC) eta Dolors Sabaterri (CUP) dagoeneko deitu diela esan du Borrasek. “Emaitza independentista handi onek fruitua emateko elkarrekin lan egitea”, eskatu die.
“Garaipen handia da. Botoen % 50a gainditu dugu. Bozen % 50a gainditzeak ondorio politikoak izan beharko lituzke, eta ondorio politikoak izan behar ditu Governan eta Parlamentan”, azaldu du.
Vox
Bestalde, Kataluniarren askatasuna sekula inork lehenago egin ez bezala defendatuko dutela ziurtatu du Ignacio Garriga Vox ultraeskuineko alderdiaren hautagaiak, baina euforiak ez itsutzea eskatu du: “Borroka bat irabazi dugu, baina ez da garaipena”.
Kataluniako hauteskundeetan lehen aldiz parte hartu du Espainiako ultraeskuinak, eta 11 eserleku erdietsi ditu, Ciudadanosek (6) eta PPk (3) batera baino bi gehiago.
“Ez zarete pasatuko esan ziguten. Pasa gara, pasako gara eta Kataluniako erakunde guztietatik kanporatzeko lanean jarraituko dugu”, erantsi du Garrigak, eta kale egingo ez dutela ziurtatu du.
CUP
Dolors Sabater CUPko zerrendaburuak iragarri duenez, Junts, ERC eta En Comu Podemeko ordezkariekin harremanetan jarri da dagoeneko, elkarrekin gobernatzeko akordioak adosten hasteko asmoarekin: “Bihar bertan, goizean goiz, biltzea eskatu diet”.
Amnistian eta “errepresioaren amaieran”, autodeterminazioan eta erreferendum loteslean aurrera egitea, covid-19aren krisia gainditzeko erreskate sozialerako politikak eta plan bat zehaztea, eta klima aldaketa geldiarazteko trantsizio ekologikoa bultzatzea aipatu ditu Sabaterrek, adostasunak bilatzeko oinarri bezala.
En Comu Podem
Jessica Albiach En Comu Podemeko hautagaiak iragarri duenez, Salvador Illa PSCko zerrendaburuari eta Pere Aragones ERCko presidentegaiari deituko die astelehen honetan, negoziazioa abiatzeko: “Ezkerreko Governa posible da. Are gehiago, geldiezina dela esango nuke”.
En Comu Podemek zortzi eserlekuak mantentzea ospatu eta Vox Parlamentan sartzea deitoratu du Albiachek. “Kataluniak Junts eta ERCren Governaren hondamendia ez du gehiago jasaten”, azpimarratu du.
Horregatik, ezkerreko Govern bat aldarrikatu du, transbertsala “alperreko betoak” gaindituz, “balio ez dutelako, batzen ez dutelako”. Zentzu horretan, En Comu Podemek eskura duen guztia egingo duela adierazi du Albiachek.
Ciudadanos
Carlos Carrizosa Ciudadanoseko hautagaiak boto-emaile konstituzionalistak mobilizatzen jakin ez dutela adierazi du. Hala ere, Parlamentan “moderazioarekin eta adosteko gaitasunarekin” lanean jarraituko dutela agindu du.
Carrizosaren hitzetan, alderdiak “2006tik egin duen gauza bera egiten jarraituko du: zentrotik konstituzionalismoa defendatu, Katalunian askatasunen eta demokraziaren aldeko borrokan, erabateko irmotasunez”.
Carrizosaren esanetan, alderdi independentistek eserleku kopuru handiagoa lortzea albiste txarra da, gizartearen gehiengoa ordezkatzen ez dutelako: “Ez dute gehiengo sozialik, baina Parlamentan gehiengo zabalagoa izango dute”.
PP
Alejandro Fernandez PPko zerrendaburuak adierazi duenez, lortutako 3 diputatuak, azken legealdian baino bat gutxiago, emaitza “oso txarra” dira.
Bartzelonako hotel batean agerraldia egin du Alderdi Popularreko hautagaiak. Kanpainan markatutako helburuak bete ez izana deitoratu du Fernandezek: ordezkaritza areagotzea eta talde propioa izatea.
Emaitzaren arrazoia boto-emaile konstituzionalistaren mobilizazio txikia izan daitekeela uste du Fernandezek, baina kanpainako une batzuk “benetako lurrikara bat” izan direla argudiatu du, Luis Barcenas alderdiko diruzain ohiaren aitorpenei eta epaiketari erreferentzia eginez.
"Independentisten garaipen argia" ospatu du Torrak
Quim Torra president ohiak “independentisten garaipen argia” ospatu du, indar soberanistek bozen % 50 gainditu dutelako, nahiz eta PSCk hauteskundeak irabazi.
Torrak paper oso diskretua izan du kanpainan, eta Juntsen jarraitzailea da, nahiz eta afiliatua ez izan. Txio batean hauteskundeen emaitza baloratu du: “Dagoeneko argi esan dezakegu: independentisten garaipen argia!”.
Ines Arrimadas Ciudadanoseko presidentea Parlamentan bertan ohartarazi zuela gogorarazi du Torrak sare sozial berean: “alderdia porrotera daramazu”. Ondorioz, Arrimadasek “erantzukizun politikoak” onartzea espero du president ohiak.
Sanchez: "Sozialismoak irabazi du, aldaketa eta elkar ulertzea ahalbidetzeko"
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak sozialisten garaipena nabarmendu du: “Albiste zoragarria aldaketa eta elkar ulertzea posible egiteko”.
“Sozialismoak O14ko hauteskundeak irabazi ditu. Albiste zoragarria aldaketa eta elkar ulertzea ahalbidetzeko, Kataluniako sozialistek lan handia egin ondoren”, idatzi du Twitter sare sozlialean.
Gainera, Illaren lana eskertu du Sanchezek. Espainiako gobernuburuaren ahotan, Kataluniarentzako eta Espainiarentzako etorkizun hobeagoa lortzeko ilusioa berriz ekarri du Illak.