Politika -

Koronabirusa

LABI batzordea gaur bilduko da neurri berriak ezartzeko aukera aztertzeko

EAEko Auzitegi Nagusiak eremu gorrian dauden udalerrietan tabernak irekitzea baimendu ostean, LABIren Aholku Batzordeak ostalaritzari lotutako neurri berriak ezartzea erabaki dezake.

LABIren bilera bat. Artxiboko argazkia: EFE
LABIren bilera bat.
LABIren bilera bat. Artxiboko argazkia: EFE

GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LABIren Aholku Batzordea 09:00etan bilduko da covid-19aren pandemiari aurre egiteko neurri berriak hartu ala ez erabakitzeko, eta ondoren Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egingo du.

Prentsaurrekoa 12:00etarako iragarri dute, eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du.

Aste honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kolpe handia eman dio Eusko Jaurlaritzari, eremu gorrian dauden tabernak eta jatetxeak itxita mantentzeko agindua baliorik gabe utzita, behin-behinean bada ere.

Ospitaleetan presioak handia izaten segitzen du eta zainketa intentsiboetako unitateak gainezka daude: 167 ohe daude okupatuta. Alabaina, abenduaren 23az geroztik kasu positiboen tasa % 5etik jaitsi da lehen aldiz, eta Osasun Sailak azpimarratu du beherako joera horrek erakusten duela orain arte hartutako neurriak eraginkorrak direla.  

Halaber, joan den astean lehendakariak esan zuen ez zuela nahi "neurri erradikalagorik" ezarri behar izatea, baina dena pandemiaren bilakaeraren arabera erabakiko zutela.  

Gauzak horrela, gaurko batzarrean aparteko neurririk hartuko ez zutela eta orain arte ezarritakoak indarrean mantentzearen alde egingo zutela espero zen.

EAEko Justizia Auzitegiaren erabakiak, baina, agertokia aldatzea eragin du, eta litekeena da Eusko Jaurlaritzak ostalaritzari zuzendutako neurri murriztaile berriak aztertzea. Nafarroan, adibidez, taberna barruan kontsumitzea galarazita dago.

Horrez gain, eskola-kirolari –debekatuta dago eremu gorrian dauden udalerrietan- edo mugikortasunari lotutako erabakiren bat har dezaketen ere ikusteko dago.

Aurrez, ostegun honetan LABIren Batzorde Teknikoa bildu da datu epidemiologikoak aztertu eta balizko neurriak proposatzeko, baina ez dute informaziorik aurreratu.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren kontra helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari dira. Datorren astelehenera arteko epea dute horretarako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Alarma egoera