Politika -
Zaldibarko luizia
Zaldibarko luiziari buruz esandakoak zuzentzeko eskatu dio Jaurlaritzak Roblesi
Defentsa ministroak Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa kritikatu du. Zabortegiko bilaketa-lanetan Armadak parte hartu izan balu, Joaquin Beltranen gorpua topatzeko aukera gehiago izango zirela esan du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak astelehen honetan Zaldibarko zabortegiko luiziari buruz egindako adierazpenak hautsak harrotu ditu eta Eusko Jaurlaritzak atzera egin dezala eskatu dio.
"Ezin dut ulertu zergatik Armada ezin den toki batzuetara joan; agian, duela urtebete joan izan balira, gorpu bat ez litzateke oraindik desagertuta egongo", esan du Zaldibarko zabortegiko luiziari aipu eginez eta militarren parte-hartzearekin Joaquin Beltranen gorpua topatzeko aukera gehiago egon zirela iradokiz.
Defentsa Ministerioak esana dauka Armada Zaldibarreko bilaketa-lanetan parte hartzeko prest egon zela, baina ez zirela joan Eusko Jaurlaritzak hala eskatu ez zuelako.
Adierazpen horien berri izan ostean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak erantzun dio, esandakoak zuzendu ditzala eskatuz. "Adierazpen injustuak dira; urte honetan Zaldibarren egin denari buruz ezer ez dakien batek soilik egin ditzake horrelako adierazpenak", kritikatu du.
"Zabortegian desagertutako bi pertsonen bila aritu direnek soilik dakite zeri egin behar izan dioten aurre. Milaka tona lur mugitu behar izan dira eta lurzorua orekatu. Berez piztutako suteak itzali behar izan dituzte. Eta hondakin guztiak bahetuz lortu zuten bi desagertutako bat topatzea, eta oraindik lanean ari dira bestea aurkitzeko", azaldu du Zupiriak.
"Ezjakintasunetik soilik egin daitezke horrelako adierazpenak", berretsi du. "Margarita Robles garaiz dago atzera egiteko", erantsi du.
BIDEOA | Margarita Robles Defentsa ministroaren adierazpenak