Politika -

Memoria Historikoa

Gerra Zibileko biktimei buruzko datuak bildu dituzte atari digital batean

Datu basea Gogora Institutuaren webgunean dago ikusgai. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako 20.970 biktimari buruzko informazioa argitaratu dute.

Gerra Zibileko biktimei buruzko atari digitalaren aurkezpena. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Gerra Zibileko biktimei buruzko atari digitalaren aurkezpena.
Gerra Zibileko biktimei buruzko atari digitalaren aurkezpena. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1936ko gerran hildako pertsonei buruzko errolda atari digital batean jarri dute nahieran kontsultatzeko. 20.970 biktimari buruzko informazioa bildu dute, oraingoz.

Oraindik ezin izan dute argitu 7.795 pertsona non dauden lurperatuta, eta 1.500 lagun inguru jarri dira harremanetan Gogora Institutuarekin gerran hildako edo desagertutako senideren bati buruzko informazioari duten galdetuz.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztu du Euskadin gerra zibilean hildako biktimen datu-basearen web-bertsioa. Harekin batera izan dira Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

Gaurtik aurrera web bidez kontsulta daitekeen datu-basea gerra zibilean eta lehen frankismoan (1936-1945) Euskadin hildako biktimei buruzko eta gerraren ondorioz Euskaditik kanpo hil diren euskal herritarrei buruzko ikerketaren ondorio da. Egun, 20.970 hildakoren fitxak jasotzen ditu: 19.962 gizonak, 977 emakumeak eta 31 hildakoren kasuetan ezin da generoa zehaztu.

13.283 faxistek eragindako hildakoak dira, baina bando errepublikanoaren biktimak ere ageri dira zerrendan: 7.687, hain zuzen ere.  

Artolazabal sailburuak esan du egitasmo honen bidez Gogora Institutuak "oroimen konpartitua, irekia, inklusiboa, kritikoa eta etikoa eraiki" nahi dituela, "bizikidetzarako memoria, alegia". "Memoria historikoarena gehiengoak konpartitzen duen aldarrikapena da eta hori pozgarria da", erantsi du.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua elkarlanean ari direla esan du, Erorien Haranetik 20 euskal herritarren gorpuzkiak deshobiratzeko prozesua gauzatu ahal izateko.  

"Biktima guztiei duintasuna bueltatzeko lanean ari gara, legez eraikitako erregimen baten aurka egindako altxamendu militar baten biktima izan zirelako", gogoratu du.

Halaber, errolda horretan bando errepublikanoak eragindako hildakoak ere sartu dituztela adierazi du: "Pertsona horiek defendatzen zituzten ideiak, proiektu totalitarioak eta antidemokratikoak irmotasunez gaitzesten ditugu, baina gure historiaren parte dira eta biktima izan ziren, horregatik agertzen dira datu-basean", azaldu du Artolazabalek.  

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa Gogora albisteak