Politika -
ESPETXE POLITIKA
Troitiño espetxetik atera da, baldintzapeko askatasunean
Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegiak urtarrilaren 27an erabaki zuen preso donostiarra baldintzapean aske uztea, duen gaixotasun larriagatik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Antton Troitiño presoa gaur goizean atera da Estremerako (Madril, Espainia) espetxetik, baldintzapean. ETAko kide izatea egotzita ari da zigorra betetzen, eta duen eritasun larri eta sendaezinagatik utzi dute libre.
Espetxetik atera berritan Etxerat elkarteak gogorarazi duenez, duela 10 bat egun jakinarazi zion Troitiñok bere abokatuari hartzen ari zen kimioterapia tratamendua uztea erabaki zuela, ez zelako "bideragarria" espetxeko baldintzekin. "Espero dezagun bere gaitza duintasunez eta bermez tratatuko dutela hemendik aurrera, bere senideengandik hurbil", esan du euskal preso eta iheslari politikoen senideen elkarteak.
Donostiako presoak Espainiako Auzitegi Nazionalaren "labirinto burokratikoaren ondorioak" jasan behar izan dituela ere salatu du Etxeratek, eta "salbuespenezko espetxe-politikaren amaiera" eskatu du. "Espainiako eta Frantziako gobernuei berriro eskatzen diegu gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 17 euskal presoen berehalako askatasuna, baita 65 urtetik gorakoena ere, preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzen dituzten bitartean", gaineratu du.
Baldintzapeko askatasuna
Maria de los Reyes Jimeno Gutierrez Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegiko magistratuak urtarrilaren 27an erabaki zuen preso donostiarrari baldintzapeko askatasuna ematea, aurretik, auzitegi horretako beste epaile batek hirugarren gradua aitortu ondoren, "arrazoi humanitarioengatik eta duintasun pertsolararengatik".
Preso donostiarrari jarraipena egiteko hainbat baldintza ezarri zituen Jimenok; besteak beste, bizilekua duen herritik edota lurraldetik ezingo da atera, epaile baten baimenik gabe, eta hamabostero gertuen duen polizia-etxean edo zerbitzu sozialen bulegoren batean aurkeztu beharko du.
Halaber, ETAko preso izandakoen omenez egindako ekitaldietan ezingo du parte hartu.
2.700 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Troitiñori, eta 2011ko apirilaren 13an gelditu zen aske 24 urteko kartzela zigorra bete ondoren. Auzitegi Nazionalak berriro atxilotzeko agindu zuen kartzelako urteak gaizki zenbatu zituela argudiatuta. Ordurako, ordea, Troitiño Londresera joana zen.
Azkenean, Erresuma Batuak maiatzean estraditatu zuen, hiru urteko prozesu luze baten ondoren.