Politika -

Kartzela-politika

ETAko 76 presok lortu dute bigarren gradua 2020ko ekainetik

Behatokiak eta Foro Sozialak uste dute "ukaezina" dela Pedro Sanchezen Espainiako Gobernua "pausoak ematen" ari dela, eta azpimarratu dute preso gehienek aitortu dutela egindako kaltea.

Frantziako Estatuko espetxea. Argazkia: EiTB
Frantziako Estatuko espetxea. Argazkia: EiTB
Frantziako Estatuko espetxea. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko 76 presok lortu dute lehenengo gradutik bigarrenera igarotzea Espainiako eta Frantziako Estatuetan 2020ko ekainetik. Denbora tarte horretan 232tik 218ra jaitsi da espetxean dauden EPPK-ko presoen kopurua, eta 21 Euskal Herriko espetxeetara lekualdatu dituzte, Behatokiak gaur jakitera eman duenez.

Aitzol Asla Behatokiko abokatuak eta Terasa Toda eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Bilbon, eta bertan jakinarazi dute ETAko presoen egoera.

Gainera, adierazi dute "ukaezina" dela Pedro Sanchezen Espainiako Gobernua "pausoak ematen" ari dela kartzela-politikan, nahiz eta uste duten Euskal Herriko espetxeetara lekualdaketa "gutxi" egin direla.

Bestalde, azpimarratu dute Espainiako Estatuan dauden ETAko 190 presoetatik "gehien-gehienek" aitortu dutela, beren kabuz, "biktimei egindako mina", "enpatia" agertu dute haien sufrimenduarekiko, eta "bide baketsu eta demokratikoekiko konpromisoa" agertu dute.

Aurkeztu duten txostenaren arabera, 2020ko ekainean 232 preso zeuden EPPK-koak: 31 emakume eta 201 gizonezko. Horietatik 198 Espainiako Estatuan zeuden (lau bakarrik Euskal Herrian), eta 34, Frantziakoan.

154 lehen graduan zeuden, eta 39ri 100.2 artikuluaren malgutasuna ezartzen zieten. Bigarren graduan zeuden 27, eta soilik lau hirugarrengoan, gehienak gaixorik daudenak.

Guztira 218 preso daude: 31 emakume eta 187 gizonezko. Espainiako Estatuko espetxeetan daude 165, eta horietatik 25 Euskal Herrian. 28, berriz, Frantziako Estatuan daude. 78 preso daude lehenengo graduan, eta 34ri ezarri diete 100.2 artikulua.

Aitzol Asla abokatuak esan du "beharrezkoa" dela "legedi arrunta aplikatzea" presoei. Era berean, salatu du 100.2 artikulua, lehenengo gradua malgutzen duena, erabiltzen dutela bigarren gradura igarotzeko pausoa "gelditzeko".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Presoak Frantzia ETA Eguneko albisteak Albisteak Frantziako Gobernua