Politika -
PCB Barakaldo
Erkoreka: “Ertzaintzaren jokabide desegokia frogatzen bada, neurriak hartuko ditugu”
PCBren Barakaldoko lantegian gertatutako argitzeko helburuarekin abiatu duten barne ikerketari esker, erantzukizunak bideratu ahal izango dituztela esan du Segurtasun sailburuak.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Jokabide desegokia egon zela frogatuz gero, Ertzaintzan neurriak hartuko dituztela esan du Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkorekak, PCBren Barakaldoko lantegian gertatutako erasoa argitzeko zabaldu duten barne ikerketaren harira.
Horrekin lotuta, argi utzi nahi izan du gisa horretako aferen aurrean barne ikerketa bat abiatu ohi dutela beti, "gertatutakoa argitzeko helburuarekin".
"Horri esker", adierazi du "erantzukizunak bideratu ahal izango ditugu, ikerketa judiziala eragotzi gabe, noski".
Erkorekak erantsi du PCBko erasoak ez duela covid-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak ez betetzeagatik hainbat herritan egunotan izan diren istiluekin zerikusirik izan. "Badira batzuk egoera horietaz baliatzen direnak diskurtso, mezu eta sistemaren zein Ertzaintzaren aurkako planteamenduak berreskuratzeko, aspaldiko garaietara itzulita", azpimarratu du.
Javi Gomez CCOOk Euskadin duen Industria Federazioko idazkari nagusiak, bestalde, Ertzaintzaren aurkako salaketa jarri zuen asteartean, agente batek borrarekin buruan eman zion kolpeagatik.
Josu Erkoreka berak Loli Garcia CCOO sindikatuko idazkari nagusiarekin hitz egin du Gomezen osasun egoerari buruz galdetzeko, eta Barakaldon jazotakoa argituko dutela jakinarazteko. Iñigo Urkullu lehendakaria, berriz, Unai Sordorekin (CCOO) jarri zen harremanetan PCBko lantegian gertatutakoaz jarduteko.
Marlaskaren erabakia Euskadin aplikatu daitekeen jakin nahi du Erkorekak
Fernando Grande-Marlaska Barne ministro espainiarrak atzo aurreratu zuen terrorismoaren biktimak babesteko legea aldatzeko lanetan ari direla ETAko kideei egiten zaizkien omenaldiak amai daitezen zigor erregimen bat arautzeko.
Horren aurrean, Erkorekak nabarmendu du araudi hori Euskadin aplikagarria den jain nahi duela.
Halaber, gaineratu du oraindik ez duela ekimen horren "edukia" ezagutzen, eta horren berri izan arte nahiago duela isilik egon. "Ikusiko dugu nola planteatzen duten araudia, zein berme dituen eta Euskadin aplikatzeko modukoa den", azaldu du.
Zaldibarko zabortegian izandako hondamendiaren urteurrena
Zaldibarko zabortegiaren hondamendiari buruz galdetuta, Erkorekak iragarri du datorren larunbatean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak agerraldia egingo duela. Zaldibarren bertan emango du hondamendi horren nondik norakoen berri, lan istripuaren urteurrenean.