Politika -

Katalunia

Ez dago "ezinbesteko arrazoirik" bozak bertan behera uzteko, Auzitegiaren ustez

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak azpimarratu du botoa ematera joatea baino jarduera "hutsalagoak" baimenduta daudela, eta bertan behera uzteak botoa emateko eskubideari egingo liokeela kalte.

Pertsona bat Lleidan. Argazkia: Efe
Pertsona bat Lleidan. Argazkia: Efe
Pertsona bat Lleidan. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak otsailaren 14ko hauteskundeei eusteko erabakiaren argudioak kaleratu ditu, eta, bertan jaso dutenez, ez dago "ezinbesteko arrazoirik" pandemia betean bozak bertan behera uzteko; izan ere, jarduera "hutsalagoak" baimentzen dira.

Horixe adierazi du Auzitegiko bosgarren aretoak Kataluniako Generalitateak otsailaren 14ko hauteskundeak bertan behera uzteko kaleratu zuen dekretua indargabetzeko atera zuen autoan. Orain Auzitegi Gorenera jotzeko aukera dago, baina horrek ez luke hauteskunde prozesua geldituko.

Boto partikular bat jasotzen duen ebazpen horretan, Auzitegiak ohartarazi du "ezinbesteko arrazoirik" gabe ez dagoela justifikatuta hauteskundeak bertan behera uztea, bozkatzeko oinarrizko eskubidea urratuko lukeela, eta "behin-behinekotasun garai luzea" irekiko lukeela "Kataluniako erakunde demokratikoetan".

Aretoak azpimarratu du egungo alarma-egoeran "espresuki" aipatzen dela hauteskunde prozesuak aurrera eramateko aukera, eta Pere Aragones Generalitateko presidenteordeak, Quim Torraren gaitasungabetzeagatik jarduneko presidente denak, ez duela hauteskundeak bertan behera uzteko edo atzeratzeko eskumenik.

Hori horrela, hauteskundeak egitea galaraziko lukeen "ezusteko" egoera batek atzerapena justifikatuko lukeela gaineratu dute, 2020an EAEn gertatu zen moduan.

Horregatik guztiagatik, Aretoak ohartarazi du egoera epidemiologikoa nabarmen larrituko balitz, "osasun bermeekin bozkatzeko aukerarik gabe", eta alarma-egoeraren murrizketak zorroztuko balira, hauteskundeak atzeratzeko aukera egongo litzateke, baina gaur egun Katalunian ez du "ezinbesteko arrazoirik" ikusten horretarako.

Gainera, Auzitegiak esan du egungo egoeran "interes publiko" are handiagoa dutela hauteskundeek, presidenterik ez dagoelako, Parlamentua desginda eta "eskumenak mugatuta" dituen presidenteorde batekin, bereziki kontseilariak kargugabetzeko edo izendatzeko gaitasunik gabe.

Pandemian botoa eman ezingo dutenak gehiago izango direla aitortu arren, Auzitegiak azpimarratu du botoa aurrez emateko modu eraginkorrak daudela, eta Portugal jarri du adibide.

Bestalde, horren iritzian, ez dago batere argi zein izango den egoera maiatzaren 30ean (Generalitateak proposatu duen beste data), txertoaren balizko atzerapenengatik eta aldaera berriengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak