Politika -

Nafarroako Gobernua

Mikel Irujo izango da Ekonomiaren Garapenerako kontseilaria, Ayerdiren ordez

Gorenak Davalor auzian auzipetu du Ayerdi, eta hark jakinarazpena jaso bezain laster dimisioa emango duenez, kontseilari berria orain arte Kanpo Ekintzako zuzendaria izango dela jakinarazi dute.

Irujo, Nafarroako Gobernuaren argazki batean.
Mikel Irujo
Irujo, Nafarroako Gobernuaren argazki batean.

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Irujo, orain arte Nafarroako Gobernuko Kanpo Ekintzako zuzendaria izan dena, izango da Ekonomiaren Garapenerako kontseilari berria, Manu Ayerdiren ordez, Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez.

Auzitegi Gorenak duela astebete jakinarazi zuen Ayerdiri diligentziak zabaldu zizkiola, Davalor auziaren baitan, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita. Gorenaren jakinarazpena jaso bezain laster dimisioa aurkeztuko zuela adierazi zuen Geroa Baiko buruzagiak, eta ordu edo egun eskaseko kontua izango denez, haren ordezkoa aukeratu du Geroa Baik (gobernu akordioari dagokionez, alderdi horri dagokio Kontseilaritza horren arduraduna proposatzea): Mikel Irujo Europako Zuzenbidean doktorea EHUn eta Zuzenbidean lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean. Caracasen (Venezuela) jaioa 1972an, euskal hiztuna da, eta ingelesez eta frantsesez ere badaki.

Irujok eskarmentua du Nafarroako Gobernuaren baitan. 2015-19ko legealdian, Foru Gobernuaren Bruselako ordezkaria izan zen, eta 2016 eta 2019 urteen bitartean, Nafarroa ordezkatu zuen  Europar Batasuneko Eskualdeetako Lantaldean. Chiviteren gobernuaren baitan, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusi izan da.

Ibilbide profesionala Aranzadi argitaletxean hasi zuen, analista juridiko gisa. Ondoren, Bruselara joan zen Europako Parlamentuan aholkulari lanak egitera. Politikan 2007an murgildu zen, EAko diputatua izan baitzen bi urtez Europako Parlamentuan.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren jakinarazpena

Bitartean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bere eskubideen berri eman dio gaur Manu Ayerdiri, joan den astean Auzitegi Gorenak argitaratutako autoan aipatzen zen puntuetako bat beteta, EFE agentziak zabaldu duenez. Beraz, beste urratsa bat eman dute Ayerdi ikerketapean jartzeko prozeduran.

Auzitegi Gorenak duela hilabete inguru abiatu zuen Davalor konpainiari emandako diru-laguntzei buruzko ikerketa. UPNk ekainean jarritako kereilaren arabera, enpresa horrek 2.600.000 euro jaso zituen 2015 eta 2017 urteen artean.

Auto hartan, instrukzio epaileak Ayerdiren kontrako aurretiazko izapideak abiatzeko erabaki zuen eta hala jakinarazi zion defentsarako eskubidea gauzatzeko aukera izan dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Geroa Bai Nafarroako albisteak Auzitegi Gorena argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua berriak