Politika -
KATALUNIAKO HAUTESKUNDEAK
Otsailaren 14ko hauteskundeetako mahaikideentzako osasun-neurriak
Bozketaren azken ordurako utzi dute berrogeialdian dauden pertsonen boto-ematea. Orduan, mahaietako kideek segurtasun handiko norbera babesteko ekipamendu integralak (NBE) erabili beharko dituzte.
A. S. | EITB Media
Udalek euren zitazioen berri eman diete Kataluniako hauteskunde-mahaietako 75.000tik gora kideri, Instrukzioen Eskuliburuarekin batera. Gidaliburu horrek covid-19aren aurkako zenbait osasun-neurri aurreikusten ditu, hala nola maskarak, betaurrekoak eta babes-arropak erabiltzea.
Generalitateak prestatutako eskuliburuaren arabera, mahaiko kideei 4 maskara emango zaizkie, egunean zehar aldatzen joateko, baita aurpegiko pantaila bat, FFP2 maskara bat eta zenbaketaren unean erabiltzeko eskularruak. Gel hidroalkoholikoa ere izango dute, "egunean zehar maiz erabiltzeko", eta gainera, euren artean 1,5 metroko tartea utzi beharko dute.
Bozketaren azken ordurako utzi dute berrogeialdian dauden pertsonen boto-ematea. Orduan, mahaietako kideek segurtasun handiko norbera babesteko ekipamendu integralak (NBE) erabili beharko dituzte.
"18:40etik 19:00etara jarri beharko dizkiete txandaka, eta beti bi kide geratuko dira hautetsontziaren zaintzan, hauteskunde-prozesuarekin jarraitzeko", dio Generalitateak egindako eskuliburuak. Ekipoa behar bezala nola jarri eta nola atera azaltzen duen eskuliburu bat ere emango zaie.
Egunaren hasieran, hauteskunde-mahaietako kideei tenperatura hartuko zaie; 37,5 ºC-tik beherakoa izan beharko du, antitermikorik hartu gabe. Tenperatura altuagoa badute, larrialdietara joan beharko dute azterketa bat egiteko eta dagokion txosten medikoa jasotzeko.
Oso zehatz azaltzen ez badu ere, eskuliburuak dio "hala badagokio eta testa erabiltzeko baldintzek posible egiten badute, antigenoen test bat egingo zaie mahaiko kideei eta akreditatutako beste langile batzuei (Administrazioko ordezkariak, segurtasun-arduradunak, kontu-hartzaileak, etab.) mahai gisa eratu aurretik".
Halaber, mahaietako kideek boto-emaileen identifikazio-agiria "inolaz ere ez" dutela ukituko zehazten da, eta, gauzak erazte aldera, "erretiluak" erabiltzea baimenduko dute, ahalik eta hurbilen egiaztatu ahal izateko.
Maskakararen erabilera derrigorrezkoa izango da boto-emaileentzako, mahaiko kideek, identifikatzeko arazoak medio, horretara derrigortzen ez baditu.
Eeskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzeko guneak ezarriko dira mahai eta kabinetan, boto-paperekin eta gutun-azalekin batera; eskularruak emango zaizkie gel desinfektatzaile horri alergia diotenei, eta mahaiak eta bestelako ukipen-puntuak garbituko dira, "osasun-agintaritzaren irizpide teknikoek zehazten duten maiztasunarekin".
Bozketa-mahaiak elkarren artean bi metroko distantziara jarriko dira gutxienez, haien artean zirkulatzea eragotziko da eta "une oro" desinfektatuko dira.
Bozkalekuetan langileak egongo dira boto-emaileen sarrera-irteera ordenatua antolatzeko eta segurtasun-distantziak bermatzeko.