Politika -

Katalunia

Kataluniako Gobernuak hirugarren gradua eman die berriro preso independentistei

Ostiral honetan aterako dira espetxetik, nahiz eta baimen horren aurka helegitea aurkezteko aukera duen Fiskaltzak, Gorenak epaia eman arte.

'Proces' auziaren epaiketa. EFEren artxiboko argazkia
'Proces' auziaren epaiketa
'Proces' auziaren epaiketa. EFEren artxiboko argazkia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Justizia Departamentuak hirugarren gradua eman die berriro preso dauden buruzagi independentistei, Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohiari salbu. Izan ere, ebazpenaren zain dago oraindik, Gorenak baimena atzera bota zionetik bi hilabete igaro direnean.

Justizia Departamentuak ohar batean jakitera eman duenez, Zigor Neurrien Idazkaritzak onartu egin du kartzelek proces auziko presoentzat proposatutako neurria. Gehienek dagoeneko beteta dute edo betetzeko zorian daude zigorraren laurdena; beraz, baimen arruntak jasotzeko aukera dute.

Hain zuzen ere, Oriol Junqueras presidenteorde ohiari, Jordi Turull, Josep Rull, Quim Forn eta Raul Romeva kontseilari ohiei, Jordi Sanchez ANCko presidente ohiari eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteari eman die Esther Capellak zuzendutako departamentuak egunez kartzelatik irten eta asteburuetan etxean lo egiteko baimena.

Urtarrilaren 29tik aurrera izango dute indarrean hirugarren gradua, nahiz eta baimen horren aurka helegitea aurkezteko aukera duen Fiskaltzak, Auzitegi Gorenak epaia eman arte. Izan ere, Gorenak du azken hitza.

Uztailean ere, antzeko zerbait gertatu zen Lledonersen preso dauden bederatzi buruzagi independentistekin. Kartzelatik irten eta egun gutxira, zaintza epaileak hirugarren gradua baliogabetu zien, Kataluniako Gobernuak emandako baimena babestu bazuen ere.

Abenduaren 4an, bestalde, Gorenak "itxi" egin zuen auzia, buruzagi independentistei hirugarren gradua errefusatuta. Orduan, Carme Forcadell eta Dolors Bassa ziren baimen hori zeukaten bakarrak, gainerako zazpi preso independentisten zaintza epaileek atzera bota baitzituzten haiei emandako hirugarren graduak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Presoak Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Kataluniako prozesua zuzenean