Politika -

Irregulartasunak

Santa Marina ospitalean hogei bat lagunek hartu zuten txertoa ez zegokienean

Santa Marina ospitalean, Jose Luis Sabas zuzendariaz gain, zuzendaritzako beste zenbait kidek eta erietxetik kanpoko 16 langilek hartu zuten txertoa, tartean lau ordezkari sindikalek.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Gotzone Sagardui Osasun sailburua Legebiltzarrean.
Sagarduiren esanetan, hogei bat pertsonak hartu zuten txertoa modu irregularrean

0:54

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako zuzendariei egindako txertaketa irregularrari buruzko ikerketak agerian utzi du gutxienez hogei bat lagunek hartu zutela covid-19ari aurre egiteko txertoa ez zegokienean.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan du Santa Marinan egindako txertaketa masiboa "deskoordinazioak" eragindako "akatsa" izan zela eta zehaztu du zentrokoak ez diren beste 16 pertsonari jarri zietela txertoa: sindikatuetako ordezkariei, erlijiosoei, kafetegiko langileei eta banatzaileei, besteak beste.

Joan den astean atera zen argitara Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako zuzendariek txertoa hartu zutela, Osakidetzako protokoloaren arabera ez zegokien arren. Biek kargua utzi behar izan dute horregatik. Sagarduik arratsalde honetan agerraldia egin du Legebiltzarreko batzordean txertaketa kanpainan izan diren irregulartasun horien harira azalpenak emateko.

Saio horretan, EH Bilduk karguan jarraitzeko moduan dagoen hausnartu dezala eskatu dio Sagarduiri. Alderdi Popularrak eta Voxek dimisioa emateko exijitu diote. Gobernuan dauden EAJko eta PSE-EEko parlamentariek, berriz, Osasun sailburuaren kudeaketa babestu dute.

Sagarduik Eusko Jaurlaritzaren txertaketa kanpaina defendatu du, eta, oraingoz, 51.945 dosi jarri dituztela jakinarazi du; horietatik 11.360 osasun arloko langileei jarri dizkiete. Protokoloa "kasu oso gutxitan" urratu dela esan du, gaur azaldutakoez gain.

Santa Marinako ospitaleko txertaketaren harira, Sagarduik azaldu du urtarrilaren 19an Sabasek mezua bidali ziola Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusiari erietxe horretan 505 pertsona txertatu zituztela jakinaraziz, bera barne. Kopuru horrek zuzendaritzaren arreta deitu zuen, kanpaina hasi berria zelako eta lantaldearen % 50a baino gehiagori txertorik ez jartzeko agindua eman dutelako, txertoak ondorio negatiborik izanez gero, zerbitzuan eraginik izan dezan.

"San Santa Marinako txertaketa masiboa akats bat izan zen, Sailean eta Osakidetzan, ni lehena, arduradun sentitzen gara deskoordinazio horregatik. Alde batetik eta bestetik gauza desberdinez hitz egiten ari ginen", onartu du.

Deskoordinazio hori justifikatzeko, ospitale hori OSI baten menpe ez dagoela adierazi du, eta erantsi du horrek ahalbidetu zuela zentro hartara bidalitako gehiegizko txerto kopurua ez detektatu izana.

Sagarduik gogoratu du ospitale berezi dela, koronabirusarekin kutsatutako eta arriskuan dauden paziente asko artatzen direlako bertan. Horregatik adostu zuten gaixoekin kontaktua duten langile guztiak txertatzea, "betiere protokoloa jarraituz eta lantalde osoarentzat ez zela zehaztuz".

Sabasek pazienteekin inolako harremanik izaten ez duela berretsi du, eta zuzendaritzako beste hainbat kidek eta zentrokoak ez diren beste 16 pertsonak txertoa hartu zutela azaldu du: lau ordezkari sindikal, lau erlijioso, ospitaleko kafetegiko lau langile, janaria eta edaria saltzeko makinak kudeatzen dituen enpresa bateko bi behargin eta bi banatzaile.   

Testuinguru horretan, Osakidetzak Sabasen dimisioa eskatu zuen. Honek gerora adierazi zuen mehatxu egin ziotela utzi zuela kargua eta Sagarduik berak hasieratik jakin zuela Santa Marinan lantalde guztiari jarri behar ziotela txertoa.

Sailburuak berriro ukatu ditu Sabasek esandakoak, eta onartu du deskoordinazioaren erantzulea nagusia bera dela, baina ez dosiak gaizki erabili izanaren arduraduna.

BIDEOA | Santa Marinako ospitalean egindako txertaketa irregularrak

Santa Marinako txertaketan deskoordinazioa egon zela onartu du Sagardui sailburuak
Santa Marinako txertaketan deskoordinazioa egon zela onartu du Sagardui sailburuak
Santa Marinako txertaketan deskoordinazioa egon zela onartu du Sagardui sailburuak

1:48

Basurtuko ospitalea

Basurtuko ospitalean gertatutakoari dagokionez, Sagarduik azaldu du Eduardo Maiz zuzendariak eta hiru zerbitzuburuk Bilboko adineko zentro batean sobratu ziren dosiak baliatu zituztela beraien mesedetan eta ez zutela inon erregistratu txertoa hartu zutela.

Osakidetzako zuzendaritzak horren berri izan zuenean, kargua uzteko eskatu zion Maizi, honek uko egin zion eta azkenean kargugabetu egin zuten.   

Sagarduik gogoratu du ordurako ezagunak zirela Osakidetzaren irizpideak txertaketa kanpainarako: lehendabizi erresidentzietako erabiltzaileak eta langileak eta ondoren koronabirusarekin gaixorik dauden pertsonekin kontaktu zuzena duten osasun arloko langileak.

ELA sindikatuak urtarrilaren 19an aurkeztutako salaketa baten harira izan zuen Osakidetzak Basurtun gertutakoaren berri. Kasua ikertu ostean, ondorio nagusiak hiru izan ziren: hiru zerbitzuburu horiek pazienteekin harremana zutela, baina egokiena txerto horiek zaintza berezietarako unitateetako edo urgentzietako langileei ematea izango zela, eta zuzendariak ez zuela inolako kontakturik izaten gaixoekin.

Gauzak horrela, Maiz kargugabetu egin zuten eta egindako txertaketak zergatik erregistratu ez ziren argitzeko ikerketa bat abiarazteko agindua eman zuten.

BIDEOA | Basurtuko ospitalean izandako txertaketa irregularrak

Basurtuko lau arduradunek soberan zeuden dosiak euren kabuz hartu zituzten
Basurtuko lau arduradunek soberan zeuden dosiak euren kabuz hartu zituzten
Basurtuko lau arduradunek soberan zeuden dosiak euren kabuz hartu zituzten

1:27

BIDEOA | Oposizioko alderdiek ardura bere gain hartzeko eskatu diote Sagarduiri

Oposizioko alderdiek Sagarduiren dimisioa iradoki edo zuzenean eskatu dute
Oposizioko alderdiek Sagarduiren dimisioa iradoki edo zuzenean eskatu dute
Oposizioko alderdiek Sagarduiren dimisioa iradoki edo zuzenean eskatu dute

1:38

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea