Politika -

Transferentziak eta covida

Erkoreka: "Ahal dugun guztia egingo dugu martxoan espetxeen transferentzia izateko"

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak 20:00etan etxeratze-agindua aurreratzea eskatuko du berriro Lurralde arteko Kontseiluan.

Josu Erkoreka. Artxiboko argazkia: EITB MEDIA
Erkoreka adierazpenak egiten hedabideen aurrean
Josu Erkoreka. Artxiboko argazkia: EITB MEDIA

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak azpimarratu du Espainiako Gobernuak espetxe kudeaketaren transferentziaren inguruan duen jarrera inoiz baino baikorragoa dela eta negoziazioa martxan dagoela. "Martxorako jarrita dago data, eta ahal dugun guztia egingo dugu transferentzia hori eman dadin", azpimarratu du.

Bizkaia Irratian egindako elkarrizketa batean, sailburuak Espainiako Gobernuan egin diren azken izendapenen inguruan esan du Carolina Darias solaskide ona zela, eta Miquel Iceta ere hala izango dela uste du; izan ere, autogobernuaren alde agertu da, eta orain arte harreman ona izan du. "Elkarrizketa arina eta eraginkorra izango dugula espero dut, gure aldarrikapenak ondo ulertuko dituelako", adierazi du.

Ildo horretan, Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioan sartzeak Euskadirekin hitzartutako transferentzietan eraginik izango duen ez dakiela esan du Eusko Jaurlaritzak.

Hala ere, Jaurlaritzak uste du "pertsonen gainetik, hartutako konpromisoak eta Espainiako Gobernuaren borondate politikoa daudela, eta ez da pentsatu behar beteko ez denik, ministerioaren buru nor dagoen kontuan hartu gabe".

Aste "giltzarria" pandemiaren bilakaeran

Erkorekaren hitzetan, aste hau "giltzarria" izango da jakiteko "zein egoeratan gauden" covid-19aren pandemiaren hirugarren olatuan, eta Jaurlaritzak neurri sanitarioak eta jarduera ekonomikoari eustea "modurik eraginkorrenean bateragarri egiten jarraitzen duela" azpimarratu du.

Gainera, koronabirusaren aurrerapena geldiarazteko Eusko Jaurlaritzak bere esku dituen "neurririk zorrotzenak" hartu dituela esan du, eta "nahikoak izan daitezkeela" gaineratu du. Nolanahi ere, egoeraren jarraipena "egunero" egiten dutela esan du.

Sailburuak azaldu duenez, "Madriletik iristen diren oihartzunek diote hirugarren olatuaren gailurrera iritsi garela eta, aurrerantzean, amaitu egingo dela". "Euskadin ezer esan aurretik bermeak ikusi eta eman nahi ditugu, eta hortik dator gure eguneroko jarraipena, horrela jarraitzea baita serioena eta komenigarriena", gaineratu du.

Ildo horretan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak asteazken honetan Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren bileran autonomia erkidegoei etxeratze-agindua arratsaldeko zortzietara aurreratzeko baimena eskatuko diela adierazi du.

Haren ustez, autonomia erkidegoek etxeratze-agindua aurreratzeko "oztopo nagusia" da "alarma egoera aldatu behar dela, eta Espainiako Gobernua ez dago dekretu hori aldatzeke, nahiago baitu neurriak beste tresna batzuk erabiliz ezarri, dekretua aldatzen badu, Kongresura joan behar baitu kontuak ematera".

Azken egunetako istiluei dagokienez, Erkorekak azpimarratu du Ertzaintzak eta Udaltzaingoak osasun publikoa babesteko arauak betetzen direla bermatu behar dutela, "euren lana baita". "Hemen manifestatzeko eskubidea ez dago murriztuta, neurriak betez egin daiteke", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak