Politika -
Nafarroako Gobernua
Ayerdik Gorenaren jakinarazpena jaso ostean emango du dimisioa, Chiviteren arabera
Manu Ayerdi kontseilariak prebarikazio deliturik egin eta diru publikoa bidegabe erabili ote duen ikertzen ari da Auzitegi Gorena.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak esan du Manu Ayerdi Ekonomia Garapenerako kontseilariak oraindik ez duela Auzitegi Gorenaren jakinarazpenik jaso eta erantsi du ziur dagoela notifikazioa iristen zaionean dimisioa emango duela.
Aurreko legealdian Davalor enpresari emandako diru-laguntzengatik dago ikerketapean Ayerdi. Prebarikazio delituak egin zituela eta diru publikoa bidegabe erabili zuela uste dute.
"Ayerdi jaunak esana du auzipetzen baldin badute, dimisioa emango duela", gogoratu du Chivitek auzi horri buruz galdetu diotenean. Oraingoz, Gorenaren jakinarazpenik jaso ez duela berretsi du eta ziur agertu da hori gertatzen den egunean dimititu egingo duela.
"Inork ez dezala zalantzarik izan: ni presidente moduan eta Gobernuak bere osotasunean legea betetzen dugu eta legea betearazten dugu", erantsi du. Hala, Ayerdik dimisiorik emango ez balu, neurriak hartuko lituzkeela agindu du.
Oraingoz, baina, Ayerdik "bere ardura guztiei eusten die eta lanean jarraitzen du", gaineratu du.
Navarra Sumak Chiviteren jarrera kritikatu du
Ordu batzuk geroago, kontrol saioa egin dute Nafarroako Parlamentuan, eta Navarra Sumak Chivite kritikatzeko baliatu du. Gainerako taldeek, berriz, eskuinak auzi hori interes politikoen arabera erabiltzen ari dela salatu dute.
Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak esan du Ayerdiren errugabetasun printzipioa aitortzen duela eta berak ez duela kontrakorik inoiz esan. "Epaileak dira auzi horretan kriminalitate zantzuak topatu dituztenak", azpimarratu du.
"Chivitek Ayerdi jauna karguan mantentzea erabaki du, berme juridikorik izan gabe eta hori prebarikazio delitua izan daiteke", ohartarazi du.
Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak "independentzia judiziala" errespetatzeko deia egin du eta Esparzak dagoeneko "epaia eman" duela salatu du.
Uxue Barkosek (Geroa Bai) esan du legeak ezarritako baldintzak betetzen direnean Ayerdik dimisioa emango duela eta, beraz, Chivitek ez duela inolako kargugabetzerik gauzatu beharko erantsi du.
Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak adierazi du Nafarroako Gobernuak auzi honetan egiten ari den interpretazioa "zuzena" dela, "gustatu ala ez".
Podemoseko Mikel Builek esan du "legea guztiontzat berdina" dela eta Gobernuak "zuhurtziaz" jokatu behar duela, kontseilariaren eskubideak errespetatuz. Gai honekin Navarra Sumak helburu politikoak bilatu nahi dituela kritikatu du.