Politika -
ESPAINIAKO GOBERNUA
Salvador Illak asteartean utziko dio Osasun ministro izateari PSCko hautagai izateko
Pedro Sanchezek asteartean bertan jakinaraziko du ordezkoa, eta hurrengo egunean, asteazkenean, hartuko du kargua Osasun ministro berriak, Zarzuela jauregian.
O. A. | EITB MEDIA
Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak astearte honetan emango du dimisioa otsailaren 14ko Kataluniako hauteskundeetan PSCko hautagai izateko. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak asteartean bertan jakinaraziko du ordezkoa, eta hurrengo egunean, asteazkenean, hartuko du kargua Osasun ministro berriak, Zarzuela jauregian.
Horrela, biharko Ministroen Kontseilua egin bitartean, karguan jarraituko du Salvador Illak.
Illa ordezkatzeko kinieletan, Carolina Darias egun Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroa dena ageri da lehen postuan.
Kasu horretan, Miquel Iceta PSCko idazkari zenak bete lezake Carolina Dariasek Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioan utzitako tokia.
Iragan ostegunean Miquel Icetak berak aurreratu zuen Kataluniako hauteskundeetarako PSCko hautagai eta Osasun ministro den Salvador Illak dimisioa emango duela hilaren 29an hauteskunde kanpaina hasi baino lehen.
Larunbat honetan bertan, Illak berak adierazi zuen "egun gutxitan" buru-belarri murgilduko zela hautagai lanetan, "% 101ean".
Salvador Illaren irteerak lehen aldaketa eragingo du PSOE eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernuaren baitan.