Politika -
Emakumeen aurkako indarkeria
Alderdikide bati sexu-erasoa egitea egotzi diote Kataluniako PPren bigarrenari
Daniel Serrano laugarrena da hauteskundeetarako PPren zerrendan. Gertakariak "faltsuak" direla esan du Serranok. Salatzailea alderdiko Berdintasun idazkaria litzateke.
E. L. | EiTB Media
Kataluniako Auzitegi Nagusia sexu-erasoagatik ikertzen ari da Daniel Serrano PPCko idazkari nagusia. 2016an jazotako gertakari batzuengatik salatu zuen alderdikide batek, auzitegiak berak igande honetan jakitera eman duenez.
El Periodico egunkariak aurreratu duenez, salatzailea alderdiko Berdintasun idazkaria eta zuzendaritzako kidea izango litzateke.
Daniel Serranoren hitzetan, gertakari “faltsuak dira, eta estortsioa, xantaia, da, kanpainan murgilduta gaudenean argitara eman dute nire izen ona zikintzeko”. “Justiziarengan konfiantza osoa dut”, erantsi du ohar batean.
Gai penaletarako aretoak Bartzelonako instrukzio-epaitegiaren jakinarazpena abenduaren 2an jaso zuela zehaztu du Kataluniako Auzitegi Nagusiak; izan ere, parlamentari gisa Daniel Serrano foruduna da.
Azaroaren 18an, eskumenaren inguruko fiskalaren txostena jaso ondoren, salaketa onartu eta salatzailea zein ikertua deklaratzera deitu zituzten.
Biak abenduaren 18an galdekatu zituzten. Ez zuten kautelazko neurririk hartu, salatzaileak eta Fiskaltzak neurriak eskatu ez zituztelako.
Hala ere, auzitegiak ikerbidea abiatzea erabaki du, ikerketan gehiago sakontzeko, hain zuzen ere.
Daniel Serrano laugarrena da Kataluniako hauteskundeetarako PPren zerrendan, Bartzelonako probintzian.