Politika -

Biktimak

"Negoziatutako ETAren amaiera" kritikatu du Ordoñezek anaiari egindako omenaldian

Carlos Iturgaizek, bestalde, ETAk Gregorio Ordoñez PPren "printzipioen alde borrokatzeagatik" hil zuela gogorarazi du.

Consuelo Ordoñez, bere anaiaren omenezko ekitaldian. Argazkia: EFE
Consuelo Ordoñez, bere anaiaren omenezko ekitaldian.
Consuelo Ordoñez, bere anaiaren omenezko ekitaldian. Argazkia: EFE

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Consuelo Ordoñez Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (Covite) presidenteak ETAren "amaiera negoziatua" kritikatu du Donostiako Polloe hilerrian, bere anai Gregorio Ordoñezen hilketaren 26. urteurrenean egindako omenaldian. Bere ustez, biktimak "traizionatuz" eta "erabiliz" egin dute negoziaketa hori.

Omenaldian izan dira, besteak beste, Ana Iribar alarguna, Eneko Goia Donostiako alkatea, EAJ, PSE eta PPko zinegotziak, Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidentea eta bere alderdiko beste kideak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Guillermo Echenique Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariordea eta Maria San Gil buruzagi popular ohia.

Coviteko presidenteak salatu duenez, ETAk bere anaia hil zuen hark "defendatzen zituen hiru zutabeen" bitartez, "gizartearen arbuioa, Poliziaren eraginkortasuna eta bortitzen isolamendua", ETArekin bukatzea galarazteko.

Gainera, Ordoñezen hilketa jazo eta 26 urte beranduago, "mingarria da ETArekin eta bere beso politikoarekin negoziatu den edo beren exijentziei men egin zaien aldiez konturatzea".

Bere ustez, "gaur egun ezker abertzaleak duen boterea ETAren amaiera negoziatuaren ondorioa da. Botere politikoak ETAren exijentziei men egin die hiltzeari utz ziezaion: bere beso politikoen legalizazioa, bere hiltzaile askoren zigorgabetasuna eta beti nahi izan duten garailerik eta garaiturik gabeko finalaren eszenifikazioa".

"Gaur egun ezker abertzaleak duen boterea ETAren amaiera negoziatuaren ondorioa da"

Gainera, "bakeagatik prezio hori ordaindu" dutenak terrorismoaren biktimak izan direla esan du, "hiltzaileen zigorgabetasunarekin". "Botere politikoak ETAri buruzko gezur handia, hau da, ETA zuzenbide estatuak garaitu duenaren gezurra, saltzen jarraitzen duen bitartean", Ordoñezek "ETAren amaiera negoziatua" salatzen jarraituko du. Izan ere, "hamarnaka terrorista atxilotu gabe eta atentatu eta hilketa gehiegi argitu gabe geratu dira".

Era berean, bere anaiaren hitzak errepikatuta, esan du "ETAren arazoa bukatuko dela denok ETAri eta HBko jarraitzaileei aurre egiten diegunean".

Coviteko presidenteak azpimarratu duenez, ezker abertzaleak "egun politika egiten du beti eraso dioten instituzioetan alfonbra gorria duela, ETA gaitzetsi gabe". "Eskuak odolez zikindu ez baina hilketak agintzen eta txalotzen zituztenak Bilduko buruak dira gaur egun, Herri Batasunakoak lehen; ETA justifikatzen jarraitzen dute eta gure senideen hiltzaileek preso politiko deitzen jarraitzen diete", esan du.

Testuinguru horretan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "etakide presoei EH Bildun sartzea eskatu izana" salatu du. Horrek, Ordoñezen arabera, "euren krimenengatik ez direla damutzen eta euren iragan terroristagatik harro jarraitzen" dutela erakusten du.

Azkenik, "terrorismoaren deslegitimazioa eta bortitzen isolamendua botere politikoaren eta euskal gizartearen lehentasuna ez izatea" deitoratu du. Esan duenez, terrorismoaren biktimei "min gehien eman diena" ETAren bukaera "negoziatua" izan da, "biktimei ziria sartuz, traizionatuz eta erabiliz" egin dena.

Iturgaiz, PPren eta Ordoñezen "printzipioen" alde

Bestalde, Carlos Iturgaizek gogorarazi duenez, Gregorio Ordoñezek esaten zuen: "Printzipioen alde borrokatzea ez da erratuta egotea". Bere ustez, "egia da, hori izan baita PPren lerro argumentala azken urteetan".

"Printzipioen alde borrokatzea ez da oker egotea, PPren printzipioen alde borrokatzea ere bada, nazionalismoak ez gaitzan inoiz Espainiatik atera. Memoriaren eta biktimen alde borrokatzea da, erradikalek eta ETAren aldekoek inoiz lor ez ditzaten euren helburuak herri honetan", esan du.

ETAk Ordoñez "printzipio horien guztien alde borrokatzeagatik" hil zuela gogorarazi du, eta esan du omendua PPren "itsasargia" dela, "etorkizunean lan egiten jarraitzeko". Azkenik, gehitu du Ordoñezen eta bere ideiaren figura ez dela "inoiz desagertuko", PPk "defendatzen jarraituko duelako", hori egitea "memoria eta duintasuna defendatzea eta terrorismoaren biktimen aldeko justizia eskatzea delako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak