Politika -

ALTSASU AUZIA

Altsasuko gazteek jasotako babesa eskertu eta ziklo amaiera iragarri dute

Hedabideen aurrean agertu dira lehen aldiz Altsasuko gazteak, mobilizazio dinamikari amaiera emango diotela iragartzeko. "Kalean egon arren ez gaude libre", esan du Adur Ramirez de Aldak.

Altsasuko auzian zigortutako gazteak eta agerraldian parte hartu dutenak. Argazkia: EITB Media.
Altsasuko auzian zigortutako gazteak eta gaurko agerraldian parte hartu dute gurasoak.
Altsasuko auzian zigortutako gazteek agerraldia egin dute, lehen aldiz

1:7

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko auzian zigortutako gazteak hedabideen aurrean agertu dira lehen aldiz, gaur eguerdian, Iruñean, azken lau urteotan babesa eman dieten guztiei "eskerrak emateko" eta "dinamika ziklo bat ixteko". Altsasukoak Aske eta Altsasu Gurasoak plataformek babestuta egin dute agerraldia Katakrak liburu-dendan, 12:00etan hasita.

Igone Goikoetxea amak hartu du lehenbizi hitza eta kasu honen "injustizia" nabarmendu du. Gurasoek injustizia hori salatzen egin duten lana goraipatu du, jo dituzten ate guztiak gogoratuz. Auzia Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren esku dago orain, baina ez dute ebazpenik espero "hemendik urte batzuetara arte". "Ez du balioko guri gertatutako injustizia erreparatzeko, baina balio diezaiela, behintzat, beste batzuei", esan du.

Altsasuko Gurasoen ordezkariek zein Altsasukoak Aske plataformako kideek "injustizia" izan dute behin eta berriz ahotan, baita herriaren babesa eta jasotako elkartasuna ere. "Kalean egin den lana" nabarmendu dute guztiek eta eskerrak eman dizkiote jendarte osoari. Orain, baina, atseden hartzeko garaia iritsi dela azaldu du Goikoetxeak: "Uste dugu mobilizazio dinamikari amaiera emateko garaia iritsi dela, alde batera egitekoa eta atseden hartzekoa".

Hori bai, euren seme-alaben zigorrak ez direla 2025 arte amaituko gogorarazi dute, eta, horregatik, kasua salatzen duen panelak Altsasun jarraituko du egun hori iritsi arte.

Adur Ramirez de Aldak irakurri du gazteen idatzia, euskaraz eta gaztelaniaz. Hasteko eta behin, "kalean egon arren" ez daudela "libre" gogorarazi du. Izan ere, "Jonan eta Julenek gauero itzuli behar dute espetxera, eta asteburuak ziegan itxita pasatu beharra daukate"; horregatik, "agerraldi hau telebistaz ikusi beharko" dutela salatu du.

Prozesua "luzea eta gogorra" izan dela gogoratu du eta denbora horretan guztian hainbat kartzela ezagutu dituztela: "Sakabanaketa, isolamendua, FIES erregimena...", baina, jendartearen inplikazioari esker, "muga batzuk gainditu ditu kasu honek". "Ezingo dugu inoiz eskertu", hausnartu du.

"Ez genuke inoiz preso egon behar, baina herritarren lorpen gisa hartzen dugu gaur hemen egotea", esan du. Euren inguruan antolatutako plataformek "haserrea kutsatzea" lortu dutela eta mobilizazioei esker daudela kalean defendatu eta eskertu du Ramirez de Aldak. Gizartearen jarrerak "harrotasuna" eta "esker ona sentiarazten dizkiela nabarmendu ondoren, eurei gertatu zaienaren arduradunak ezin direla alde batera utzi ohartarazi du: "Guardia zibilak, muntaia sortzen lagundu zuten komunikabideak eta politikariak". "Giltzapetu gaitzakete, baina inoiz ezingo dute suntsitu gure gaztetasuna, herria". Alde horretatik, "inoiz baino indartsuago eta elkartuago" daudela nabarmendu du, eta "gora euskal gaztedia" esanez amaitu du bere interbentzioa.

Altsasuko gazteak, gurasoak eta plataformako kideak, gaurko agerraldian. Argazkia: Patxi Irigoien | EITB MEDIA

Altsasukoak Aske plataformatik, Idoia Goikoetxeak esan du "argi dagoela "egoera berri batean gaudela, inflexio puntu batean", eta, beraz, "bada garaia, lau urteko ibilbidearen ondoren, ziklo bat borobiltzeko".

Auzitegi Nazionalean egindako "epaiketa fartsa" kritikatu du, "guztiok dakigu emaitza: epaiketa irabazi genuen, baina sententzia galdu".

Dena dela, esfortzu guztia ez dela "alferrik" izan defendatu du: "Ez dute euren gezurrezko errelatoa inposatu eta ez dute Nafarroako gizartea pozoitzea eta banatzea lortu".

Lau urte auziaren hasieratik

Lau urte eta hiru hilabete igaro dira Altsasuko hainbat gaztek bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin Koxka tabernan liskarra izan zutenetik. Gertakariokin lotuta, zortzi gazte –Oihan Arnanz, Iñaki Abad, Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo– auzipetu zituzten, eta 2 eta 13 urte bitarteko zigorrak ezarri zizkien Auzitegi Nazionalak, terrorismo delitua baztertu bazuen ere. Urkijo izan zen kartzelara joan ez zen bakarra. Egun, bost auzipetu –Arnanz, Unamuno, Ramirez de Alda eta Urrizola– hirugarren graduan ari dira zigorra betetzen, eta bi –Cob eta Goikoetxea–, bigarrenean.

Altsasuko Gurasoek asteon bertan sare sozialen bidez zabaldu duten mezuan zenbakitan laburbildu dute prozesua: "1.527 egun zigorpean, 353.000 euroko kostu ekonomikoa, 539.000 egindako kilometroak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika Gaurko albisteak Nafarroan Auzitegi Gorena Europako herrialdei buruzko albisteak Epaiketak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Altsasu Giza eskubideak albisteak Gazteak azken ordukoa Estrasburgoko Auzitegia epaiak