Politika -
ITXIERA
Mugako zortzi pasabide ixteko erabakiaren aurrean alternatibak eskatu ditu Urkulluk
Lehendakariak eskutitz bana igorriko die Jean Castex lehen ministro frantziarrari eta Pedro Sanchez presidente espainiarrari, Pirinio Atlantikoetako prefekturak mugako zortzi pasabide itxi ostean.
O. A. | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak eta egun Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko presidente ere badenak informazioa eskatuko die Frantziako eta Espainiako gobernuei, Pirinio Atlantikoetako prefekturak mugako zortzi pasabide ixtea erabaki ostean. Neurriak eragin handia du Bidasoaren bi aldeetan bizi diren herritar askorengan.
Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, Urkullu lehendakariak gaur bertan gutuna igorriko die Jean Castex Frantziako lehen ministroari eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, muga pasabideen itxieraren aurrean alternatibak eskatuz. "Mehatxu terroristari" eta "legez kanpoko migrazioari" aurre egiteko neurri bat dela iragarri zuen Pirinio Atlantikoetako prefekturak.
Lehendakariak alternatiben beharra azpimarratuko die, izan ere, asko eta asko dira bi aldeetan lan edota bizi diren herritarrak.
Pasabide horien itxiera gaitzetsi dute EH Bilduk eta EH Baik, eta Espainiaren eta Frantziaren "borondate uniformatzaileaz" hitz egin dute. Bi alderdiek salatu dutenez, ez da gobernuek bideak ixteko erabakia hartzen duten lehen aldia eta udaberrian koronabirusagatik ere gauza bera gertatu zela gogoratu dute.