Politika -

MADRILGO AUZITEGIA

Cifuentesen masterreko zuzendaria: "Akta faltsutu nuen presio egin zidatelako"

Cristina Cifuentes Madrilgo Erkidegoko presidente ohiaren aurkako epaiketa astelehen honetan hasi da. Masterraren zuzendariak aitortu du titulua faltsutu zuela presio egin ziotelako.

Cristina Cifuentes, Madrilgo Auzitegira sartzen. Argazkia: EFE
Cristina Cifuentes, Madrilgo Auzitegira sartzen
Cristina Cifuentes, Madrilgo Auzitegira sartzen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur abiatu da Cristina Cifuentes Madrilgo Erkidegoko presidente ohiaren aurkako epaiketa Madrilgo Lurralde Auzitegian dokumentuak faltsutzea egotzita. Zehazki, Juan Carlos Erregea Unibertsitatean master bat amaitu eta defendatu zuela egiaztatzen zuen aktaren faltsifikazioa bultzatu izana leporatzen diote.

Lehendabiziko saioan master horretako zuzendariak deklaratu du eta agiria faltsutzeko presioak jasan zituela aitortu du. Juan Carlos Erregea Unibertsitateari lotutako Zuzenbide Publikoko Institutuak eman zuen master hori.

Cristina Cifuentes Madrileko Erkidegoko presidenteak dimititu egin zuen 2018ko apirilaren 25ean, masterraren eskandalua hedabideetan zabaldu eta 36 egunera. Azkenean, ordea, bideo batek bultzatu zuen bere dimisioa. Irudietan Cifuentes agertzen zen, Madrilgo Eroski batean, ustez krema pote pare bat lapurtu eta gero, 2011an.

Cifuentes adierazpenik egin gabe sartu de epaitegiak eta Saioa amaitu ondoren ere ez du ezer esan. Ostiralean deklaratuko du epailearen aurrean.

Guztira, lau saio egingo dituzte eta hiru pertsona daude auzipetuta.

Fiskaltzak hiru urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Cristina Cifuentesentzat, dokumentuak faltsutzea egotzita, baita Maria Teresa Feito Madrilgo Erkidegoko Hezkuntza Saileko aholkulari ohi eta Juan Carlos Erregea Unibertsitateko (URJC) funtzionarioarentzat ere.

Gainera, 21 hilabeteko kartzela eskaera egin du fiskalak Cecilia Rosadorentzat. Cifuentesen masterra ustez aztertu zuen epaimahaiko kide izan zen eta berari leporatzen diote akta faltsutu izana. Fiskalak zigor eskaera txikiagoa egin du azken horrentzat, egindakoa aitortu zuelako eta ikerketan lagundu zuelako.

Bestalde, Fiskaltzak Enrique Alvarez Conde URJC unibertsitateko katedraduna eta Zuzenbide Publikoko Institutuko zuzendari ohia ere inputatu zuen, delituaren zeharkako egilekide izatea egotzita. Horregatik, hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen berarentzat. Alvarez Conde, baina, 2019ko apirilean hil zen.

Cristina Cifuentesek 2012an egin zuen masterreko zuzendariak aitortu duenez, beste bi auzipetuen presioen ondorioz, akta faltsu bat sortu zuen, beste bi lagunen sinadura idatziz, Madrilgo presidente ohiak master amaierako lana (TFM) defendatu zuela eta emaitza bikaina atera zuela ziurtatzeko.

"Akta faltsutu nuen presio egin zidatelako"

Cecilia Rosadok aitortu duenez, "gertatu ez zen zerbaiten akta" sortu zuen, baina handik gutxira beldurra gainditu eta Fiskaltzan salatzea erabaki zuen.

Azpimarratu duenez, Alvarez Conde katedraduna "bere nagusia" zen eta "ezin zitzaion ezetz esan ondorio negatibo bat izan gabe".

Polemika piztu ondoren eta Juan Carlos Erregea Unibertsitateak Cifuentesen masterrari buruzko bertsioa eman zuenean (2018ko martxoaren 21ean), Alvarez Condek 24 aldiz deitu zion, eta 15 bat mezu bidali zizkion,  eta honakoa esan zion: "Cecilia, hau konpondu egin behar da, ezin da horrela geratu, bestela, lan mailan ondorio larriak izango ditu".

Berak eta unibertsitateko beste bi langilek -Alicia Lopezek eta Clara Soutok- osatutako "epaimahai bat osatzea" eskatu zion. Ordu batzuetan, Rosadok pertsona horiekin hitz egin zuen, sinadura nola egin erakutsi zioten bideo-dei batean, eta katedradunak agindutako postetxeetara bidalitako gezurrezko aktan jarri zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Madril