Politika -
Katalunia
Pandemia dela eta, hauteskundeak atzeratzea aztertzen ari da Kataluniako Gobernua
Espainiako Gobernuak esan du ez dutela horretarako berme legalik, baina Generalitatearen batzorde juridikoak irailean egindako agiri batean aukera hori jasota dago.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kataluniako Gobernua otsailaren 14ko hauteskundeak atzeratzeko aukera aztertzen ari da, koronabirusaren pandemiaren eraginagatik. Espainiako Gobernuak, baina, horretarako berme juridikorik ez dagoela ohartarazi du, eta polemika piztu da bi exekutiboen artean.
Juan Carlos Campo Espainiako Justizia ministroak ostegun honetan adierazi du hauteskundeetarako lege orokorrak ez duela aurreikusten deialdia atzeratzeko aukera. "Kontu handiz jardun dezatela, aurreikuspen legalak bete diren jakin arte", erantsi du.
"Beste aukerarik ez badago, agian egin liteke, baina kontua oso delikatua da", berretsi du. Campok esan du pandemiaren aurrean Gobernuak martxan eta % 100 emateko prest egon behar direla, eta gaineratu du "erabakiak inpugnatzeko aukera" eskaintzen duela zuzenbideak.
Generalitateko iturriek Europa Press agentziari azaldu diotenez, konbentzituta daude hauteskundeak atzeratzea edo bertan behera uztea legezkoa izango litzatekeela eta bere zerbitzu juridikoa hala dela frogatzeko txosten bat lantzen ari dela iragarri dute.
Edonola ere, Kataluniako Gobernuaren batzorde juridikoak irailean argitaratu zuen ebazpenak aukera hori aurreikusten zuen, herritarren botoa emateko eskubidea bermatuta ez dagoen kasuetarako.
Generalitateak onartzen du hauteskundeetarako lege orokorrak ez duela deialdia atzeratzeko aukera eskaintzen, baina gogoratu du arau hori ez zela oztopo izan joan den udaberrian Euskal Autonomia Erkidegoko eta Galiziako hauteskundeak bertan behera uzteko. Kasu horietan, hauteskundeak atzeratzeko erabakia deialdia egin zuen organoen esku utzi zuten, eta oraingoan ere gauza bera egin ahalko litzatekeela erantsi du.
Katalunian, Pere Aragones presidenteordeak sinatu zuen otsailaren 14rako hauteskundeen deialdia, Parlamentua deseginda, Auzitegi Konstituzionalak Quim Torraren kargugabetzea berretsi eta gero.
Gainera, irailean onartutako ebazpen hartan hitzaurre bat sartu zuten pandemiaren eraginez hauteskundeak atzeratzeko aukera aurreikusita, eta inork ez zuen adierazpen horren aurka egin.