Politika -

Lan bilera

Sanchez eta Urkullu otsailean bilduko dira "gobernantza partekatuan" sakontzeko

Bingen Zupiria Jaurlaritzako eledunak jakinarazi duenez, bi buruzagiak telefonoz mintzatu ziren larunbatean eta orduan adostu zuten hitzordua egitea.

2019ko abenduan bildu ziren azkenekoz eta aurrez aurre Sanchez eta Urkullu. Artxiboko argazkia: EFE
Sanchez eta Urkullu azkenekoz bildu zirenekoa.
Sanchez eta Urkullu otsailean bilduko dira

1:25

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak otsailean aurrez aurreko lan bilera egitea adostu dute, besteak beste, "gobernantza partekatuan" eta "bi gobernuen interesekoak diren gaien inguruan akordio-bideak" sakontzen jarraitzeko. Bi buruzagiak telefonoz mintzatu ziren larunbatean eta orduan adostu zuten hitzordua egitea. 

Eusko Jaurlaritzak urteko lehen gobernu bilera egin du gaur, eta bertan lehendakariak aurretik dauden hilabeteen gaineko gogoeta egin du, Gobernuak datorren aldi honetarako esku artean dituen lanen errepasoa eginez. Hala nabarmendu du Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak bileraren ondotik egin duen prentsaurrekoan.

Urkullu-Sanchez bileraren harira, Zupiriak zehaztu du Sanchezek elur denboralearen aitzakiarekin deitu ziola lehendakariari.

"Otsailean elkartzea aurreikusi zuten presidenteak eta lehendakariak, bi gobernuen interesekoak diren gaien inguruan akordio-bideak sakontzen jarraitzeko", azpimarratu du.

Zupiriaren hitzetan, pandemiak Espainiako Estatuan eragindako "egoera kezkagarria" ere hizpide izan zuten biek telefonoz egindako solasaldian.

Halaber, azaldu du lehendakariak uste duela une honetan bereziki garrantzitsua dela "erakundeen arteko gobernantza", baita Espainiako Gobernuarekin ere. Hori horrela, azpimarratu du Jaurlaritzak zehaztuta utzi dituela urte honetarako "Espainiako Gobernuaren aldetik Gernikako Estatutua erabat betetzeko hitzartu diren lehentasunak" eta erantsi du "Eusko Jaurlaritzaren asmoa eman behar diren pausu guztiak ematea dela, modu adostuan gure Autogobernuan aurrera egiteko".

Jaurlaritzaren plan eta konpromisoak

Era berean, Zupiriak esan du Gobernua osatu zenetik 100 egun igaro direlarik, Eusko Jaurlaritzak eskura dituela bere jardunaren nondik norakoa gidatuko duten plangintza eta konpromiso nagusiak: Gobernu programa, eta, horrekin batera, Lege asmoen bilduma eta Plan Estrategikoen inguruko erabakia.

Ildo horretan, zehaztu du hilabete batean onartuko direla sailen egiturak finkatzen dituzten dekretuak; eta otsailaren 11rako dagoela aurreikusia Eusko Legebiltzarrak 2021eko aurrekontuak onartzea. Horrez gain, gogorarazi du onartuta eta abiarazita daudela Berpiztu programa eta Euskadi Next proiektua. "Gure iritziz egitasmo guzti horiek sendotasuna eta anbizioa ematen diote Jaurlaritzaren jarduerari eta sailez sail egin beharreko lanak modu zehatzean finkatuta geratu dira", adierazi du.

Horiekin batera, Bingen Zupiria bozeramaileak ziurtatu du Jaurlaritzak etengabeko jarraipena egingo diola osasun egoerari eta covid-19 gaixotasunari aurre egiteko hartu beharreko erabaki guztiak hartuko dituela. "Osasunarekin batera, ekonomiaren sarea martxan mantentzea enpleguari eusteko eta aurrez aurreko ikaskuntza bermatzea helburu nagusiak dira Jaurlaritzarentzat. Baita herritarren ongizatea eta gehien behar dutenei babesa bermatzea", gaineratu du.

Helburuok aurrera eramateko Jaurlaritzak uste du behar beharrezkoa izango da "erakunde guztien arteko gobernantza zintzoa", lankidetza publiko-pribatuaren eredua jorratzea eta gizartearekin harreman sarea indartzen jarraitzea. "Erakundeak gobernatzeko erantzukizuna duten arduradun guztien arteko elkarlana behar beharrezkoa izango da aurrean dauzkagun erronkei aurre egiteko. Hau da auzolana. Auzolana Jaurlaritza, Aldundi eta Udalen artean. Auzolana Legebiltzarrarekin. Auzolana Estatuko gobernuarekin", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua EAEko Aurrekontuak Koronabirusa