Politika -
Elkarrizketa Radio Vitorian
Lopez de Uralde: “Katalunian arreta jarri eta ministro kargua utzi behar du Illak”
"Osasun ministroak pandemiaren aurkako borrokan buru-belarri aritu beharko luke, alegia, % 100 eman behar luke.", nabarmendu du Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan.
EITB Media
Radio Vitorian astelehen honetan egin dioten elkarrizketan, Juantxo Lopez de Uraldek, Unidas Podemosek Kongresuan duen Arabako diputatuak, esan du Salvador Illak Osasun ministro kargua berehala utzi beharko lukeela. Izan ere, PSCren Kontseilu Nazionalak Illa izendatu du Kataluniako Generalitateko presidentetzarako hautagai.
Gaur-gaurkoz Espainiako Osasun ministro denak duela egun batzuk ziurtatu zuen kargua uzteko asmoa zuela, baina hauteskunde kanpaina hasi arte jardunean jarraituko zuela.
Juantxo Lopez de Uraldek, aitzitik, ez du begi onez ikusi Illaren erabakia, ministro kargua berehala utzi beharko lukeela uste baitu. "Osasun ministroa pandemiaren aurkako borrokan buru-belarri aritu behar da, alegia, % 100 eman behar du. Beraz, aukeratu duen horretan jardun beharko luke orain, Osasun ministerioa alde batera utzita", nabarmendu du.
Bestalde, Juantxo Lopez de Uraldek argi utzi du ez duela ulertzen, "pandemia betean gauden honetan" asteburuetan txertaketa gelditzea. "Beharrezkoa da ahal den denbora laburrenean herritar gehienek txertoa jartzea, talde immunitatea lortu ahal izateko", erantsi du.
Subillako gas proiektuari buruz adierazi du albiste ona dela Udalaren baimenik ez izatea, baina azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak aurrera egiteko asmoa duela. "Aldaketa klimatikoaren legea onartuta, espero dut behingoz gai hau bukatutzat ematea", azaldu du.