Politika -
Urte amaierako mezua
Hildakoak gogoan, determinazioz "aurrera egiteko" deia egin du Urkulluk
Lehendakariak urte berriari begirako lehentasunak zerrendatu ditu: osasuna, hezkuntza, gehien behar dutenak artatzea, ekonomia suspertzea eta langabezia jaistea.
EITB MEDIA
2020an koronabirusaren ondorioz hildakoak gogoratu ditu Iñigo Urkullu lehendakariak eta, determinazioz, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) krisi hau ere gaindituko duela azpimarratu du.
Lehendakariak Ajuria Enetik herritarrei zuzendutako urte amaierako mezuan ziurtatu duenez, lehentasunak "argi" daude: "osasun sistema indartu, hezkuntza bermatu, ekonomia suspertu, gehien kaltetutako pertsona eta sektoreei lagundu eta enplegua berreskuratu".
Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran Zaldibarko luizian hildako langileak eta covid-19aren eraginez EAEn hil diren pertsonak gogoratuz hasi du bere hitzaldia Iñigo Urkulluk
Pandemiari lotuta, lehenik eta behin bere esker ona adierazi die krisi honetan "beren onena" eman duten langileei: osasun langileak, oinarrizko zerbitzuetan lan egin dutenak, langile soziosanitarioak, pertsona nagusiak beraien etxeetan zaintzen dituzten profesionalak eta hezkuntzako langileak. Aldi berean, bere elkartasuna adierazi die pandemiaren eragina jasan duten sektore guztietako profesionalei, autonomoei, langileei, negozioei eta enpresei.
Urkulluk onartu du ez dela erraza izan "ezohiko" erabakiak hartzea: "Une oro pertsonen osasuna eta bizitza lehenesten eta bermatzen saiatu gara, ahal zen heinean jarduera ekonomikoarekin, hezkuntzarekin, kulturalarekin eta sozialarekin uztartuz". Halaber, aurrera begira ere neurriak hartzen eta betetzen jarraitu beharko dela azaldu du.
Huts egin ahal izan dutela onartu du: "Huts egin dugunean, lehenbailehen zuzentzen saiatu gara".
Bestalde, birusak "bizi-bizi" jarraitzen duela eta "oso arriskutsua eta hilgarria" dela nabarmendu du. "Pultsua eta tentsioa mantendu behar ditugu. Ez dugu egindako lan guztia zakarretara bota behar", gehitu du.
2021. urteari begira, erakundeetatik "behar den guztia" egingo dutela hitzeman du "herri hau aurrera ateratzeko". Ildo horretan, "konpromiso partekatuaren" eta erakundeen arteko lankidetzaren eredua defendatu du: "Hemen, Eusko Jaurlaritza, Foru-aldundiak eta Eudel lankidetza eredua garatzen ari gara… Eredu hori eskaintzen diogu Estatuari ere".
Euskadi berde, digital eta inklusiboa aldarrikatu ditu. Horrez gain, herri erronka gisa aipatu ditu demografia, industria adimenduna eta osasun pertsonalizatua.
Amaitzeko, zuhurtziaz eta itxaropenez beteriko mezua zabaldu du: "Urte berriari begira, txertoak leihoa zabaldu dio itxaropenari. Egia da, baina zuhur eta tentuz jokatu behar dugu".