Politika -
Sare
Ehunka pertsonak "familia modulu" bat eskatu dute Euskal Herriko espetxeetan
Kalejira batek Martuteneko kartzela eta Loiola auzoa lotu ditu, presoen seme-alabei babesa adierazteko. "Motxiladun umeen" egoera salatu dute beste behin ere.
E. L. | EiTB Media
Presoen seme-alabentzako "Euskal Herrian familia modulu" bat martxan jartzea aldarrikatu du Sare herritarrak Donostian, Martuteneko espetxearen alboan, baita presoen hurbilketa ere.
Horretarako, ehunka pertsonak kalejira egin dute. Protestak Martuteneko kartzela eta Loiola auzoa lotu ditu, presoen seme-alabei babesa adierazteko.
Inaxio Artola Sareko bozeramaileak azaldu duenez, ekimenaren helburua "motxiladun umeen" egoera beste behin salatzea da; izan ere, covid-19aren pandemiak egoera "okertu" du.
Zentzu horretan, "aitarekin, amarekin edo biekin ez daudela ala elkarrekin oso denbora gutxi daudela hamar hilabete pasa dira dagoeneko", esan du. "Urrunketak, gehi covid-19ak, umezurtz uzten ditu", kritikatu duenez.
Horregatik, "presoak euren familietatik gertu, Euskal Herrian, egon behar dira", aldarrikatu du. "Nahiz eta presoak izan, gurasoak izaten jarraitu ahal izateko; Legeak aurreikusi bezala", gogorarazi du.
"Euskal Herrian familia modulu bat" sortzea eskatu du Artolak, espetxeetan “batere ez dagoelako". "Haur batzuk Aranjuezen daude, oraindik hiru urte bete ez dituztelako, Euskal Herrian modulu bat izan beharko lukete", nabarmendu du.
Sarek antolatu du kalejira. Txomin Enea auzoan, Martuteneko espetxe ondoan, Gabon-kanta artean, Porrotx pailazoak eman dio hasiera martxari. Dultzainen musikak lagunduta, Loiolako plazara heldu da, "Urrunketa+covid= umezurtz. Patinetean joan nahi dut ama/aita ikustera" lelopean.
Kalejira Martuteneko espetxean, Donostian. Argazkia: Xabier Urteaga | Euskadi Irratia