Politika -
Europako funtsak
EBko funtsak jasotzeko proiektuak proposatu eta "elkarlana" eskatu du EH Bilduk
Koalizioak berreraikuntzarako Europako diru funtsen % 30 tokiko entitateentzat izatea proposatu du, eta esan du jokoan dagoela "non eta nola ikusi nahi dugun herrialde hau hemendik 10 urtera".
Agentziak | EITB Media
Europa berreraikitzeko diru funtsen bidez finantzatutako 32 proiektu garatzea eta funtsen % 10 tokiko entitateei bideratzea proposatu du EH Bilduk. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "elkarlanerako bide iraunkor bat" eta adostasuna bilatzea, jokoan dagoelako "non eta nola ikusi nahi dugun herrialde hau hemendik 10 urtera".
Maddalen Iriartek eta Mikel Oterok aurkeztu dituzte EH Bilduk Europako Next Generation diru funtsen bitartez finantzatuak izatea nahi dituen proiektuak.
Iriartek salatu duenez, pandemiak egiturazko arazoak ikusgai egin ditu eta argi utzi du egungo eredu ekonomiko-produktiboa "agortuta" dagoela, "kohesio soziala arriskuan jartzeraino". "Horregatik diogu eztabaida hau EAJ-PSE Jaurlaritzatik haratago doala. Herri gisa egin beharreko eztabaida da", gehitu du.
Bozeramailearen arabera, Europako funtsek herri ariketa bat egitea eskatzen dute, "erakundeak eta eragile politiko, sozial eta ekonomiko nagusiak aintzat hartzen dituena, mahai gainean proposamenak eta hausnarketak jartzea, eztabaidatzea eta adostea ahalbidetzen duena, lehentasunak eta proiektuak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko".
"Tamalez, herrialde bezalako ariketa hori ez da posible izan orain arte. EAJk eta PSEk sistematikoki arbuiatu dute elkarrekin lan egiteko aukera. Europako funtsen inguruko prozesua ezin da ilunagoa izan, erakundeak eta botere publikoa modu alderdikoian ulertzearen ondorio", kritikatu du.
Hilaren 29an Eusko Jaurlaritzak proiektuen zerrenda bidaliko dio Espainiako Gobernuari. Iriartek zehaztu duenez, EH Bilduk proposatutako batzuk "bat datoz Jaurlaritzak egindako zirriborroan zehaztutako proposamen batzuekin", beraz "zenbait esparrutan adostasuna egon daiteke, betiere Lakuak horretarako borondate politikoa badu".
Trantsizio ekologikoa, digitala eta erresilientzia sozial eta ekonomikoa
Mikel Otero legebiltzarkideak esan duenez, proposatutako proiektuen irizpide nagusiak hiru printzipiotan oinarritzen dira: "Estatu ekintzailea: lidergoa eta norabide estrategikoa; begirada feminista; planetari kalterik ez egitea, eta kalitatezko enplegua sustatzea". Oro har, gutxienez funtsen % 30 toki erakundeetara bideratzea eta "lankidetza publiko-publiko zein publiko-komunitarioa lehenestea" proposatu dute.
Modu horretan, EH Bilduk hiru lerrotan antolatu ditu 32 proiektuak: "Trantsizio ekologikoa, trantsizio digitala eta erresilientzia sozial eta ekonomikoa". Horietako asko "ekimen anitzekin osatzen diren programa markoak dira", baina Oterok azpimarratu du zenbait "bereziak" direla.
Trantsizio ekologikoari dagokionez, 2019/4 Legean jasotako helburuak betetzeko "inbertsio handiak" behar dira EH Bilduren ustez. Honakoak dira ardatz nagusiak: "berriztagarriak azkar hedatzea, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoan aurrerapenak egitea, etxebizitzen eta industria guneak birgaitzea, garraioa elektrifikatzea, elikadura burujabetzan aurrerapausoak ematea, hondakinen kudeaketa hobetzea eta naturgune babestuen eta biodibertsitatearen aldeko apustua egitea".
Trantsizio digitalari dagokionez, "5G sarearen hedapena, Internet of things, bioteknologia, big data, inteligentzia artifiziala eta blockchain bezalako teknologien garapenak" aldaketa handiak ekarriko ditu, baita "aukerak" ere.
Eta erresilientzia sozial eta ekonomikoari dagokionez, Oterok nabarmendu du covid-19ak "estres egoeran" jarri dituela osasun eta gizarte zerbitzuen sistemak, eta "kalte handiak" sortu dituela ehun produktiboan.
Testuinguru horretan, "bizitzaren zerbitzura egongo den eredu ekonomikoaren lehentasun" izan behar dira "osasun, zaintza eta babes sozialerako sistema publikoak, elikadura osasungarria, balio erantsi altuko industria iraunkorra eta kultur ekosistemaren garapena",
Azkenik, Oterok argitu du proiektuen zerrendak "ez duela agortzen egin daitekeena", eta nabarmendu du "orain besteek egindako lanekin kontraste eta negoziazio fase bat datorrela". Jaurlaritzari "elkarlanerako bide iraunkor bat" irekitzeko eskatu dio.