Politika -
Presoak
Frantziako Justiziak baztertu egin du Sorzabal Espainiaren esku uztea
Parisko Apelazio Auzitegiak ebatzi du Auzitegi Nazionalak ez duela informaziorik aurkeztu Iratxe Sorzabal torturatu ez zutela frogatzeko eta, ondorioz, atzera bota du euro-agindua.
EITB MEDIA
Frantziako Justiziak baztertu egin du Iratxe Sorzabal entregatzeko Espainiako Auzitegi Nazionalak igorritako euro-agindua, euskal presoa torturatu ez zutela egiaztatzeko informazio nahikorik aurkeztu ez dutela argudiatuta.
Sorzabal 2001eko martxoan atxilotu zuen Hernanin eta Guardia Zibilak torturatu egin zuela salatu zuen. Xantiana Cachenaut defentsako abokatuaren esanetan, Auzitegi Nazionalaren euro-agindua komisarian egin zuen deklarazioan soilik oinarritzen da.
Parisko Apelazio Auzitegiak sinesgarritasuna eman zion Sorzabalen testigantzari eta haren abokatuak aurkeztutako dokumentazioari. Horrela, bada, euro-agindua gehiago zehazteko eta Sorzabalek torturak salatu zituenean egindako izapideak argitzeko eskatu zion Auzitegi Nazionalari.
EFE agentziak gaur zabaldu duenez, eskari horrentzako informaziorik ez dutela erantzun dute epaile espainiarrek.
Hortaz, Parisko Auzitegiak Sorzabalen aurkako euro-agindua baztertzea erabaki du, euskal presoa torturatu ez zutela egiaztatzeko frogarik ez duela argudiatuta.
1996an, ETAk Donostiako Justizia Jauregiaren aurka egin zuen atentatuaren harira eskatu zuen Auzitegi Nazionalak Sorzabal Espainiaratzea.