Politika -
Ateak itxita
Bateragune auziaren epaiketa errepikatu ala ez aztertuko du gaur Gorenak
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza epaiketa errepikatzearen aurka agertu zen, Goreneko Fiskaltzak aldeko txostena argitara eman baino aste batzuk lehenago.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Goreneko gai penaletarako aretoak astelehen honetan erabakiko du, ateak itxita, Auzitegi Nazionalari Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren aurkako epaiketa errepikatzeko agindua eman ala ez Bateragune auziagatik, nahiz eta epaitutako gaia izan (res iudicata) eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak epaia baliogabe utzi inpartzialtasun faltagatik.
Auzitegi Goreneko Fiskaltzak epaiketa errepikatzeko aukerari ateak zabaldu zizkion azaroaren 18an, nahiz eta uztailean Gorenak berak Otegiren aurkako epaia baliogabetu. Hala ere, erabakiaren ondorioen inguruko txostena eskatu zion Gorenak Ministerio Publikoari.
Auzia epaitu zuen aretoa osatu zeneko unera itzuli beharko litzatekeela erantzun zuen Ministerio Publikoak txostenean, hau da, epaiketa errepikatu.
Horrela, Voxen gertuko Terrorismoaren aurkako Ahotsak elkartearekin bat egin zuen Fiskaltzak txostenean. Otegiren eta gainerako epaituen defentsek, ostera, baliogabe utzi zituztela aldarrikatu zuten.
Fiskalaren eskaera onartzen baldin badute, Auzitegi Nazionalak Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaleta berriro epaitu beharko ditu, erakunde terroristako kide izatea egotzita, Batasuneko zuzendaritza berreraikitzen saiatzeagatik.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza epaiketa errepikatzearen aurka agertu zen, Goreneko Fiskaltzak aldeko txostena argitara eman baino aste batzuk lehenago.
Auzitegi Nazionalak ez zituen eskubide guztiak bermatu
Auzitegi Goreneko gai penaletarako aretoak 2012ko epaia baliogabe utzi zuen uztailaren 31n. Sententziak sei urte eta sei urte eta erdiko espetxe-zigorrak ezarri zizkien erakunde terroristako kide izatea leporatuta, baina Gorenak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ezarritako irizpidea kontuan izan zuen, Auzitegi Nazionalak Europako Hitzarmenaren 6.1 artikulua urratu zuela ebatzi ondoren Estrasburgok. Akusatuek epaimahaiaren inpartzialtasun faltari "beldur" izatea "zilegi" zela erabaki zuen Europako Auzitegiak.
2018ko azaroan, Auzitegi Nazionalak berme guztiak bete ez zituela ebatzi zuen Estrasburgok, eta 2019ko otsailean epai irmoa argitara eman zuen. Angela Murillo magistratuaren lana ezbaian jarri zuen Europako Auzitegiak. Murillo 2010eko martxoan Arnaldo Otegiren aurkako beste epaiketa batetik baztertu zuten, inpartzialtasun falta egotzita. Otegiri terrorismoa goratzea leporatzen zioten.
Ahozko epaiketan, ETA gaitzesten ote zuen galdetu zion Murillok Otegiri, eta EH Bilduko buruzagiak erantzuteari uko egiten ziola ikusita, erantzunik eman behar ez zuela bazekiela esan zuen magistratuak.
Gorenak magistratua auzitik at utzi zuen, nahiz eta epaimahaiko presidentea izan, "aurreiritziak" ikusi zituelako. Ahozko epaiketa berriz errepikatu, eta absolbitu egin zuten Otegi.