Politika -
Etxerat
Sanchez, Urkullu, Chivite eta Etchegarayk presoen aldeko adierazpena jasoko dute
Era berean, datozen egunetan espetxe politika "normalizatu" baten aldeko adierazpena kartzeletako zuzendariei eta udalei bidaltzeko asmoa du Etxerat elkarteak.
Agentziak | Erredakzioa
Iragan ostiralean sinatutako adierazpena bidali die Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari, Iñigo Urkullu lehendakariari, Maria Chivite Nafarroako presidenteari eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteari. “Sakabanaketa politika” amaitzea, eta legedi “arrunta” soilik eta “espetxe politika normalizatua” aplikatzea eskatzen du adierazpenak.
Urkullu, Sanchez, Etchegaray, Chivite eta espetxeetako zuzendari nagusiari bidalitako gutunak larunbat honetan postontzian sartu ditu Patricia Velez Etxerat elkarteko bozeramaileak, Donostiako Correoseko eraikin nagusian.
Velezek azaldu duenez, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU indar politikoek eta ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, Hiru, Etxalde, EHNE, CGT eta CNT sindikatuek sinatutako adierazpena datozen egunetan kartzela ezberdinetako zuzendariei eta udalei bidaltzeko asmoa dute.
Bilboko Euskalduna jauregian sinatutako adierazpena pozik hartu du Velezek. “Presoak ekartzeko plan bat eta, behingoz, salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzea”, eskatzen du agiriak. “Euskal gizartearen aspaldiko aldarrikapena gauzatzera dator, behin-betiko presoak hurbiltzea eta salbuespeneko espetxe politikaren aplikazioa bukatzea”, azpimarratu du Velezek.
Zentzu horretan, “gurari horrentzako azken bultzada” izan daitekeelako, “itxaropentsu” agertu da. Gainera, adierazpena “une oso garrantzitsuan heldu da, mugiezina zen zerbait, salbuespeneko espetxe politika, mugitzen hasi dela ematen duelako”, erantsi duenez. Etxerateko bozeramailearen ahotan, “guztiek norabide berean bultzatzeko unea da”. Horretarako, mobilizazioak “oso garrantzitsutzat” jo ditu.
Horregatik, Sarek eta Bakearen Artisauak Baionan eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan urtarrilaren 9rako deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzea eskatu du.