Politika -
PRESOAK
Beste sei preso gerturatuko dituzte Euskal Herrira, bat Iruñera
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea agintera iritsi zenetik, ehun preso baino gehiago lekualdatu dituzte euren etxeetatik gertuago dauden kartzeletara.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Duela bi urtetik deseginda dagoen ETA erakundeko beste sei preso Euskal Herrira gerturatuko dituztela iragarri du Espainiako Gobernuko Espetxe Zuzendaritzak. Preso horietako bat Iruñeko kartzelara ekarriko dute, eta beste bostak Kantabriako, Soriako eta Palentziako espetxeetara eramango dituzte.
Hain zuzen, Jose Carlos Apeztegia Jaca da Toledotik Nafarroako hiriburura ekarriko duten presoa. Bertan beteko du zigorraren azken zatia, 2021ko urrira arte, bigarren graduan.
Apeztegia duela zazpi urte geratu zen libre, 1992an Jose Osinalde enpresaburua hiltzea egotzita, zigorra bete ondoren. 2018an berriro hartu zuten preso, eta lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ACAIP espetxeetako funtzionarioen sindikatuaren Madrilgo egoitzaren aurkako atentatuan zerikusia izan zuelakoan.
Jesus Maria Altabe, Angel Maria Telleria Uriarte, Jon Crespo Ortega, Jon Etxeberria Oiarbide eta Juan Maria San Pedro Blanco dira lekualdatuko dituzteN beste bost presoak.
Altabe 1999tik dago preso, eta 30 urteko espetxe zigorra betetzen ari da, 1984an Luis Ollo Ochoa guardia zibila hiltzeagatik. Castellotik Soriara eramango dute, eta bigarren graduan beteko du hemendik aurrerako zigorra. Espetxe Zuzendaritzaren arabera, eragindako mina aitortu eta indarkeria baztertu du Altabek.
Bestalde, Telleria Uriarte Estremerako (Madril) kartzelatik Kantabriara eramango dute. 30 urteko espetxe zigorra ari da betetzen, eta horri ere bigarren gradua eman diote.
Crespo Ortega ere Kantabriako kartzelara lekualdatuko dute, Murtziatik. 2002tik dago preso, erakunde armatuarekin kolaboratzea eta lehergaiak izatea egotzita, besteak beste. Abuztuan beteko ditu zigorraren hiru laurdenak, eta Espainiako Gobernuak gaur jakinarazi duenez, preso horrek ere, eragindako mina aitortu eta biktimekiko enpatia agertu du, berriki aurkeztu duen idatzi baten bidez.
Halaber, Etxeberria Oiarbide presoa ere Kantabriako kartzelara eramango dute, Castellotik. 2017tik dago preso, eta bederatzi urteko zigorra ari da betetzen, armak izatea egotzita.
Gaurko oharrean jakinarazi duten seigarren lekualdatzea, San Pedro Blancorena, Ciudad Realdik Palentziara izango da. 1991ean, Barakaldon, polizia baten autoan bonba bat jartzeagatik dago espetxean, 1995etik.