Politika -
Ogasuna
'Black' txartelekin lotuta errentaren aitorpena aurkeztu du Juan Carlos I.ak
Atzerrian dituen ondasunekin zerikusirik ez du erregularizazioak, errege emerituak eta haren senide batzuek erabilitako banku txartelekin baizik.
Agentziak | Erredakzioa
Errege emerituaren abokatuak errentaren aitorpen boluntario bat aurkeztu du Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren aurrean, Juan Carlos I.aren egoera fiskala erregularizatzeko. Estatu Agentzia idatzia aztertzen ari da, eta datozen egunetan onartu ala azalpen gehiago eskatu eta ordaindu beharreko zenbatekoa zehaztu beharko ditu, El Pais egunkariak jakitera eman duenez.
Juan Carlos I.ak atzerrian dituen ondasunekin zerikusirik ez du erregularizazioak, errege emerituak eta haren senide batzuek erabilitako banku txartelekin baizik. Mexikoko enpresaburu baten funtsekin finantzatutako txartelak ikertzen ari da Auzitegi Goreneko Fiskaltza.
Javier Sanchez-Junco errege emerituaren abokatuak Ogasunari igorri dio idatzia. Estatuko Agentzia aztertzen ari da, eta datozen egunetan erantzun beharko du, egunkariak aipatutako iturrien arabera.
“Aitorpen boluntario bat aurkezteko aukera mahai gainean zegoen, Corinna Larsenek errege emerituak 65 milioi euro oparitu zizkiola azaldu zuenetik, Abdala bin Abdelaziz Saudi Arabiako erregea emandako dirutik”, jakinarazi du egunkariak.
Hala ere, El Pais-en iturrien arabera, Juan Carlos I.ak atzerrian dituen balizko ondasunak ez ditu zehaztu abokatuak erregularizazioan, Allen Sangines-Krause Mexikoko enpresaburuaren kontu korronteekin lotutako kreditu txartelen erabilera baizik.
“Kontu korronte horiek 2016 eta 2018 artean erabili zituzten, Juan Carlos I.ak abdikatu eta bortxaezintasuna galdu ondoren”, erantsi duenez. El Pais-en informazioaren arabera, “iruzurrak 120.000 euroak gainditu ditzake ekitaldi ezberdinetan, beraz, delitu fiskala egon daiteke, bost urteko espetxealdiarekin zigortua”.
Borondatezko errentaren aitorpena edozein unetan aurkeztu daiteke, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak ikuskaritza abiatu edo epaile batek iruzur fiskal edo kapitalen zuritzeagatik ikertu gisa deklaratzera deitu baino lehen.
Errege emerituak abuztuan Espainiatik alde egin zuen, eta orduz geroztik Arabiar Emirerri Batuetan bizi da, Mohamed Bin Zayed jekearen apopilo bezala.
Juan Ignacio Campos fiskalak ikerketak artxibatu edo errege emeritua auzitara eramatea erabaki behar du. Ministerio Publikoak Juan Carlos I.aren aurkako hiru ikerketa ditu zabalik.
Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramailearen hitzetan, Juan Carlos I.ak aurkeztutako erregularizazioa iruzurra egin duenaren “aitortza” da.
“Espainiako Ogasunari iruzur egin diola aitortzeko nolako eguna aukeratu du Juan Carlos I.ak”, esan du Echeniquek Konstituzio Egunaren ospakizunetan. “Txartel opakuen” auziari dagokionean, egoera fiskala erregularizatu nahi du orain errege emerituak, “harrapatu dutelako eta Ogasunari iruzur egin diolako”, gaineratu duenez.
Pablo Casado PPko buruzagiak, aldiz, errege emerituaren “ondarea” azpimarratu du, “askatasunak eta demokrazia berreskuratzeko ezinbestekoa izan delako”.
Juan Carlos I.ak, gainerako herritarrek bezalaxe, araudi fiskala betetzeko eskubidea duela adierazi du Ivan Espinosa de los Monteros Voxek bozeramaileak.