Politika -

Konstituzio Eguna

Otegi: "Gu ere konstituzionalistak gara, euskal konstituzionalistak"

Une honetan "eskuinari eta ultraeskuinari muga jartzeak helburu politikoa izaten" jarraitzen duela ziurtatu du EH Bilduko buruzagiak, sektore batzuek "atzera itzuli nahi dutelako".

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EH Bildu
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EH Bildu
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EH Bildu

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Gu ere konstituzionalistak gara, euskal konstituzionalistak", adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Konstituzio Egunean. "Demokrazian bizi nahi badugu, Euskal Errepublika eraiki behar dugu", azpimarratu du koalizioko buruzagiak.

"78ko erregimena babesten dutenak, bere garaian Franco defendatu zutenak, egun kontra-erreformarako borondatea dute", ohartarazi du Otegik.

EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, “etorkizuna ez da monarkia edo errepublika”, “monarkia eta errepublikak pluralean” baizik. “Euskal errepublika”, aldarrikatu du Otegik agerraldi telematikoan. “Estatuan dauden egiturazko arazo asko duela 42 urte benetako trantsizio demokratiko bat egin ez izanaren ondorio dira”, nabarmendu duenez.

“Gu, euskal konstituzionalista, abertzale, sozialista, independentista eta errepublikarrek etorkizuna monarkia edo errepublika ez dela uste dugu, monarkia eta errepublikak pluralean baizik”, azpimarratu du.

"Prozesu konstituziogile batean euskal herritarrek egindako eta bozkatutako konstituzio bat beharrezkoa da"

Otegiren iritziz, “prozesu konstituziogile batean euskal herritarrek egindako eta bozkatutako konstituzio bat beharrezkoa da”, hori baita “irtenbiderik onena”.

EH Bilduk egindako lana aldarrikatu du Otegik; aldi berean, “herri honetan prozesu konstituziogilea” errealitate egiteko lanean ari delako. Era berean, “eskubide sorta areagotzearen alde egin du Estatu osoan”, gogorarazi du.

Une honetan “eskuinari eta ultraeskuinari muga jartzeak helburu politikoa izaten” jarraitzen duela ziurtatu du EH Bilduko buruzagiak, sektore batzuek “atzera itzuli nahi dutelako”.

Militar ohien txata

Bestalde, militar ohien txat famatua hizpide izen du koalizioko buruzagiak (pronuntziamenduak eta fusilamenduak). Egungo “erregimenaren krisiaren” isla dela uste du Otegik, zenbait sektorek “irtenbide autoritarioa benetako aukera” dela iritzi dutelako.

Otegiren esanetan, “Konstituzioa 'pim, pam, pum' bilakatu da Espainiako politikan; batzuek zein besteek elkarri burura tiro egin diote, baina inor ez da ausartzen benetako eztabaidari heltzen”. “Konstituzioaren diseinuak berak arazo hauek ekarri ditu”, ondorioztatu du.

"Irtenbide autoritarioak benetako aukera izaten jarraitzen du"

“Horregatik, duela 42 urte ezetz esan genion Konstituzio honi”, eta “denborak arrazoia eman digu”, esan du Otegik. EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren ahotan, gaur bere borondatea ez da “inor epaitzea, lau hamarkadetan zehar gertatutakoaren balantzea mahai gainean jartzea baizik”.

Militarrek diotena esateak zergatik harritzen du jendea?” “Nork eman zion Armadari batasun nazionala defendatzeko eskumena?” eta “36ko estatu kolpea egin zutenak errugabe nork utzi zituen?”, galdetu du Otegik. Erantzun guztiak 1978ko Konstituzioan daudela gaineratu du. “Orduko diseinutik, egungo arazoak”, amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Espainia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak