Politika -
Beste adierazpen bat
271 militar ohi: "Espainiaren batasuna arriskuan dago"
Antzeko beste ekimenekin zerikusirik ez dutela diote. Hala ere, beste lankide ohien "kezka berdinak" dituztela azaldu dute. "Espainiaren aurkako irainak" onartzea leporatu diote Gobernuari.
Agentziak | Erredakzioa
Beste 271 militar ohik “demokrazia galeraz” eta “pentsamendu bakarraren inposaketaz” ohartarazi dute manifestu batean. Era berean, “Espainiaren batasuna arriskuan” dagoela uste dute sinatzaileek.
Emilio Perez Alaman teniente jeneralak, Jose Maria Treviño almiranteak eta Juan Antonio Alvarez Jimenez teniente jeneralak sinatu dute agiria, baita beste hainbat jeneral, ofizial, legionario eta soldaduk ere.
Antzeko beste ekimen batzuekin zerikusirik ez dutela diote sinatzaileek: “Adierazpen honen sinatzaileek txat pribatu batean adierazitakoarekin ados ez daudela argi utzi nahi dute, gure soldadu izaera eta senaren aurka doalako”.
Hala ere, beste lankide batzuen “kezka berdinak” dituztela azaldu dute. Azken egunetan Aire Armadako eta Lurreko Armadaren Akademia Militar Nagusiko kideek bi gutun bidali dizkiete Europako Parlamentuko presidenteari eta Espainiako erregeari.
“Espainiaren aurkako irainak, ikurren umilazioa, erregea gutxiestea eta haren irudiaren aurkako erasoak” onartzea leporatu diote Espainiako Gobernuari.
“Matxinada independentistak eta kolpistak baimentzeaz gain, sedizioagatik zigortuak indultatzea eskatu; baita terroristei mesede egin ere, biktimak gutxietsiz” eta “indarrean dagoen legediari iskin eginez”, “Botere Judizialaren azpiratzea” bilatzea, “baita Estatuko Fiskaltza Nagusiarena ere”, eta “pentsamendu bakarra inposatzea” nahi du Exekutiboak Memoria Demokratikoa bezalako legeekin, azpimarratu dutenez.
“Militar gisa, nahiz eta erretiroa hartuta egon, Espainiaren independentzia eta burujabetza bermatzeko eta lurralde osotasuna zein ordena konstituzionala defendatzeko zina mantentzen dugu, hartara bizitza emateko prest gaude”, gaineratu dute.
“Adinagatik ezin dugu gure soldadu bokazioa gauzatu, baina borondatez uko egin genien oinarrizko eskubideak berreskuratu ditugu erretiroarekin. Besteak beste, iritzi eta adierazpen askatasunak manifestu hau sinatzeko aukera ematen digu, Espainiaren etorkizuna zuzentzeko ardura dutenak gure Aberria arriskuan jartzen ari direla ohartarazteko”, dio manifestuak.
Azkenik, indar armatuen agintari goren bezala, erregearenganako leialtasuna berretsi dute sinatzaileek agirian.