Politika -
Etxerat eta Sare
Arizkuren “berehala” aske uztea eskatu dute, eritasun “larri eta sendaezina” duelako
Presoak kardiopatia iskemikoa du, eta bihotzekoak berriz emateko "arriskua oso handia da", Jaione Karrera abokatuak ohartarazi duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Sare eta Etxerat euskal presoen aldeko kolektiboek Josetxo Arizkuren Kantauri preso iruindarra "berehala" aske uzteko eskatu dute, gaixotasun "larri eta sendaezina" duelako. Presoari ebakuntza egin zioten Murtzian, duela astebete bertako espetxean bihotzekoak eman ondoren.
Mikel Mundiñano eta Xochitl Karasatorre kolektiboetako ordezkariek eta Jaione Karrera presoaren abokatuak prentsaurrekoa eman dute Iruñean. Arizkurenekin hitz egiteko aukera izan du abokatuak. Karreraren hitzetan, “ondo dago”, baina kardiopatia iskemikoa du. Orain arte lau stent koronario jarri behar izan dizkiote. Abokatuaren esanetan, bihotzekoak berriro emateko “arriskua oso handia da".
Arreta mediko etengabea behar du, konfiantzazko medikuek emanikoa, eta senideak zein abokatuak gertu egon behar dira. Horregatik, Logroñoko kartzelara berehala eramateko eskatu dute. Orain dela gutxi lekualdaketaren berri eman zuen Espetxe Zuzendaritzak, baina oraindik ez dute eraman. Bidaia anbulantzian egitea eskatu dute, beharrizan medikoak artatzeko.
Era berean, aske uzteko eskatu du abokatuak, gaixotasun “oso larria” duelako. Bestalde, senideek edo presoak aukeratutako pertsonak egoera medikoaren berri izan ez dutela salatu du Karrerak. Horretarako eskubidea dutela gogorarazi du, baina “hasiera batean, ez zen horrela gertatu”.
Ospitalean dauden presoak bisitatzeko araudia eguneratu beharko litzatekeela uste du Karrerak, baita telefono deiei dagokiona ere.
Mundiñanok (Sare) eta Karasatorrek (Etxerat) azpimarratu dutenez, nahiz eta 62 urteko Arizkuren espetxez aldatzeko eta bigarren gradura pasatzeko erabakia hartu, “ez da nahikoa”, eta erabakia “berandu iritsi” da, osasun egoera ikusita “aske geratu behar delako”.
Elkarretaratzea astelehenean
Askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea deitu dute astelehenerako, Espainiako Gobernuak Iruñean duen Ordezkaritza aurrean.
Azkenik, Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara presoak ekartzeko erabakien inguruan galdetu diete bozeramaileei. Mundiñanoren ahotan, “norabidea ona da, positiboa, baina ez da nahikoa”. “Preso guztiek jaioterritik gertu egoteko duten eskubidea behingoz egia bihurtu arte bidea egiten jarraitzeko” eskatu du.