Politika -
2021eko aurrekontuak
Subillako gas esplorazioak Gasteizko aurrekontuen onarpena ezbaian jarri du
Oposizioko talde politiko guztiak, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Gasteiz, proiektuaren aurka agertu dira; ondorioz, Udal Gobernua 2021ko aurrekontua aurrera ateratzeko gehiengorik gabe geratu daiteke.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Gasteizko udalerrian gasa bilatzeko esplorazio baimena eskatu zuen. Eskaerak Arabako hiriburuaren 2021ko aurrekontuak kolokan jarri ditu; izan ere, Elkarrekin Gasteiz proiektu energetikoaren kontra azaldu da.
Oposizioko talde politiko guztiak, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Gasteiz, proiektuaren aurka agertu dira; ondorioz, Udal Gobernua 2021ko aurrekontua aurrera ateratzeko gehiengorik gabe geratu daiteke; izan ere, koalizio moreak dagoeneko iragarri duenez, ez ditu aurrekontuak babestuko, gas esplorazio proiektua atzera botatzen ez baldin badute.
EAJren eta PSE-EEren udal Gobernuak oposizioko talde politiko bakarraren babesa edo abstentzioa behar du 2021eko aurrekontua aurrera ateratzeko, gutxiengoan gobernatzen ari baita. Iaz Elkarrekin Gasteiz abstenitu zen.
Testuinguru honetan, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea gas esplorazioaren alde agertu da, “lur azpian zer dagoen jakiteko”.
“Gure lurraren azpian zer dagoen jakiteko eskubidea dugu. Esploratzeko edozein lan positibo iruditzen zait”, azaldu du buruzagiak.
“Aurrekontuen eztabaidari heldu baino lehen gaia konpontzea”, espero du Urtaranek, negoziaziora “zalantza guztiak argituta joateko”.
Hala ere, gas esplorazioaren baimenak “aurrekontuarekin zerikusirik” ez duela uste du Gasteizko alkateak. Oposizioari gogoeta egiteko eskatu dio, “gasteiztarren bizitza jokoan dagoelako”. Udaleko kontuak onartzen ez baldin badituzte, “zorpetzeko gaitasuna bertan behera geratuko litzateke”, ohartarazi duenez.
Urtaranen hitzetan, baimenak “legearen arabera” ematen dira, eta “ez alkatearen edo oposizioko talde baten borondate politikoaren arabera”.
“Baimen eskakizuna azterketa tekniko eta juridiko batekin egin dute, indarrean dagoen araudiaren arabera”, erantsi du buruzagiak. Alkate gisa “hiri-antolamenduko plan orokorra eta udal-ordenantzak” defendatuko dituela azpimarratu du.
Oposizioko talde politiko guztiek, aldiz, Subillanan gasa ateratzeko proiektua geldiarazteko eskatu diote alkateari.
EH Bilduk eta Elkarrekin Gasteizek agiri bateratua zabaldu dute: “Gas esplorazio eta ustiapen proiektua ordenamendutik at dago”, eta ondorioz, “Sheshari (Hidrokarburoen Euskadiko Elkartea) baimena ematea ezinezkoa da”.
Gainera, Urtaranen agerraldia eskatu dute Klima eta Landa-gune batzordean, abenduaren 15erako, Udal Gobernuak izango duen jarrera argitzeko.
Ondoren, Alderdi Popularrak eskaerarekin bat egin du. Gas esplorazioaren baimena “ez onartzeko” eskatu dio PPk Urtarani, Gasteizko “ingurumen politiken kontrako” proiektu bat delako.