Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Ramiro Gonzalez: “Gabonetan tabernak irekiz gero, modu arduratsuan izango litzateke“

Arabako ahaldun nagusiak argi utzi du Forondaren berritzeak eta Jundizko geltokiaren inbertsioak Estatuko aurrekontu orokorren babesa justifikatzen dutela.

Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia. Argazkia: Radio Vitoria
Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia
Ramiro Gonzalez, Arabako ahaldun nagusia. Argazkia: Radio Vitoria

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ez du pandemiaren aurka ezarritako neurriak arinduko dituzten ala ez aurreratu nahi izan. "Ez da komeni arinegi ibiltzea, pixkanaka joan behar gara", esan du.

Gabonei buruz galdetuta, ziurtatu du "ahalegin handiko festak" izango direla, "2021ean arazorik egon ez dadin". "Lasaiegi bagabiltza, ondorioak oso larriak izango dira", gaineratu du Gonzalezek Radio Euskadiko "Boulevard" saioan: "Sei pertsonako taldeak egokiak dira, familiarekin egoteko aukera ematen dutelako, kutsatzeak gehiegi zabaldu gabe".

Gonzalezen hitzetan, jakin badaki ostalaritzan "honek guztiak" ondorio latzak izan dituela, eta horrekin lotuta adierazi du aurki tabernak zabalduko balituzte, Nafarroak abiatutako bideari eutsiko lioketela, alegia, terrazak soilik zabalduko lituzketela. "Oreka konplexua da. Ez da gauza bera 100.000 biztanleko 250 kutsatze edo 60 egotea", azaldu du buruzagi jeltzaleak. "Tabernak zabaltzen badituzte, modu oso arduratsuan egin beharko dute", erantsi du.

Gaiz aldatuta, Ramiro Gonzalezek argi utzi du Forondaren berritzeak eta Jundizko geltokiaren inbertsioak Estatuko aurrekontu orokorren babesa justifikatzen dutela. Halaber, garrantzia eman die Lanbide Heziketan izango diren aldaketei eta dieselaren zergaren igoera geldiarazteari.

EH Bilduk industria aeronautikoaren alde ezarritako zuzenketari dagokionez, "positibotzat" jo du, baina horren eraginkortasuna zalantzan jarri du, "koalizio abertzaleak onartu baitu ezinezkoa dela sektoreari zuzeneko laguntzak ematea". Horregatik, hiruzpalau urtez, atzeraldia aurreikusi du sektore horretan.

"Araban, 2021eko aurrekontua inoiz baino handiagoa izango da. Oposizioarekin edo gabe, ahalegina egingo dugu, nahiz eta momentuz ez duen arrakasta handirik izan", esan du.

Next Generation funtsen inguruan ere mintzatu da. Horrekin lotuta, azpimarratu du eraldaketa industriala izango dutela helburu: "Proiektu europarren izen ona galarazi ohi du oposizioak, baina proiektu guztiak banan-banan aztertuz gero, oposizioko inor ez dago horien aurka".

"Abiadura Handiko Trenaren egitasmoak ez du aurreikusitako erritmoa izan", aitortu du, "Madrilen gobernu bat edo beste egon".

Erresidentzien kudeaketari dagokionez, nabarmendu du Araba lurralde garrantzitsuena dela: "Zahar-egoitza batzuetan soldata txikiak dituzte, eta hitzarmen duin bat sinatzeko beharra dute. Auzi horretan esku hartu dugu, negozia dezaten", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika EAJ-PNV Araba Alderdi politikoak Ekonomia Ramiro Gonzalez Eguneko albisteak Albisteak Gasteizko Aireportua Jatetxeak Tabernak Aurrekontu Orokorrak Koronabirusa Alarma egoera Arabako Foru Aldundia