Politika -
POLEMIKA
PP barruan zatiketa eragin du Loiolako kuartelak Donostiari saltzeko akordioak
Goizean, Donostiako PPko zinegotziak txalotu egin du Loiolako kuartelak eskualdatzeko akordioa, baina Gipuzkoako PPren, Iturgaizen eta Casadoren kritiken ondotik, jarrera kritikoagoa agertu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estatuko aurrekontu orokorren negoziazioaren baitan, Loiolako kuartela Donostiako Udalari eskualdatzea adostu dute Espainiako Gobernuak eta EAJk. Albisteak, ordea, harrabotsa eta zatiketa eragin du PP alderdiaren barruan.
Asteazken goizean Borja Corominas Donostiako PPko zinegotziak zabaldutako ohar batean, albistea babestu eta txalotu zuen. Haren esanetan, lur horiek Donostiaren esku gelditzea eta kuartela hiriko beste gune batera lekualdatzea "aukera historikoa" da.
Ondoren, Pablo Casado PPko presidentearen ildo kritikoarekin bat eginez, Jose Luis Arrue Gipuzkoako PPko presidenteak gogor hitz egin zuen. Haren hitzetan, Loiolako kuartelaren operazio urbanistikoa "Espainiak Gipuzkoan duen presentziaren ikur oro ezabatzeko EAJren estrategiaren barruan" kokatu behar da.
Arruek gaineratu zuenez, Armada eremu horretatik kanporatzea "Euskal Autonomia Erkidegotik beti desagertzea nahi izan duen EAJren ametsak eta nahiak betetzen dituen neurria da". "Amets nazionalista horiek asebetetzeko, Sanchezen Gobernuak ez du lotsarik izan Defentsa Ministerioaren txostenei entzungor egiteko; izan ere, txosten horiek ez zuten gune militarra desegitea gomendatzen, eta Espainia defendatzen duten militarrak saldu ditu, besaulkian jarraitzeagatik", esan zuen.
Gipuzkoako PPko presidenteak bere posizioa finkatu ostean, Borja Corominas zinegotziak Twitterreko bere kontuan iruzkin bat idatzi zuen, oraingoan akordioarekin kritikoago agertuz: "Loiolako kuartelaren lurrak hiriari itzultzea eta Donostiarentzat oso beharrezkoa den ingurua urbanizatzea albiste ona da. Halaber, garrantzitsua da Defentsa Ministerioarekin elkarlanean aritzea, Armadaren behar estrategikoak aseko dituen kokaleku alternatibo bat bilatzeko".
"Hiriaren hedapena behar-beharrezkoa da, baina ez Gipuzkoan 200 urte baino gehiago daramatzan Armada botatzeko asmo nazionalista asetzeko. Beste aukera bat bilatuko da. Barne zatiketak bilatzen dituztenak, jarrai dezatela saiatzen", esan du bere azken mezuan.
Bezperan, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa deitoratu zuen: "EAJk eta Sanchezek ezabatu egiten dute Espainiak Euskadin duen presentzia".