Politika -
EBB
Ortuzar EAJko presidente izango da berriro
Ez da beste hautagaitzarik aurkeztu EBBko presidentetzarako. Barne prozesua bukatzeko egin ohi duten Batzar Nagusia atzeratu egin dute, pandemia egoera dela eta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EBBko buru Andoni Ortuzar EAJko presidente izango da beste lau urtez, buruzagiak aldatzeko egin ohi duten barne prozesuan ez baita beste hautagairik aurkeztu. Ortuzarrek berak eman du albistea Radio Euskadin astearte honetan telefono bidez egin dioten elkarrizketan. Prozesua bukatzeko egin behar duten Batzar Nagusiari buruz esan du, pandemia egoera dela eta, atzeratu egin dutela, eta "ahal denean" egingo dutela.
Ortuzarren esanetan, "zailtasunak zailtasun" eta pandemiagatik ezarritako edukiera mugak gorabehera, EAJko afiliatuek "asko eta ondo" parte hartu dute, baina azkenean hautagaitza bakarra egon da, berea. "Niretzako ohorea da, baita erantzukizuna ere", adierazi du.
Buruzagi jeltzaleak onartu du "zalantzak" zituela, "politikan aldaketak beharrezkoak direlako". "Militantziak ulertu du alderdi barruan gauzak ondo doazela, eta kanpoko egoera, berriz, zaila dela. Batzuetan hobeto da ezagunaren alde egitea, aldaketa aukeratzea baino", erantsi du.
Era berean, Ortuzarrek azaldu du Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan ere ez dela aldaketarik egongo, hots, Itxaso Atutxa, Joseba Egibar, Jose Antonio Suso eta Unai Uhalde izango direla alderdiko presidente aurrerantzean ere. Ipar Euskal Herrian, aldiz, Peio Etxelekuk hartuko du Pako Arizmendiren lekua.
Batzar Nagusiari dagokienez, atzeratu egin behar izan dute, gaur egun ezinezkoa delako 700 pertsona gehi haien gonbidatuak batzea. "Ez dugu legea urratuko, ezta gure barne antolaketa osasunaren aurretik jarriko ere", baieztatu du.