Politika -

Auzitegi Nazionala

Iñigo Guridi ETAko presoari 52 urteko zigorra, huts egin zuen atentatu batengatik

Cintruenigon Guardia zibil bat hiltzea zen helburua, baina lehergailuak ez zuen eztanda egin eta jarri zutenerako gizona ez zen hor bizi, emakume bat eta haur bat baizik.

Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB
Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB
Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 52 urteko kartzela-zigorra jarri dio Iñigo Guridi Lasa ETAko presoari Cintruenigoko etxebizitza batean lehergailu bat jarrita guardia zibil bat hiltzen saiatzea leporatuta. Bonbak ez zuen eztanda egin, eta emakume bat eta haur bat bizi ziren erasoa egiten saiatu zirenean, 2000. urteko azaroan.

Fiskaltzaren eskaria onartu, eta Auzitegi Nazionalak 19na urteko bi zigor jarri dizkio Guridi Lasari hilketa terrorista saiakera egotzita, eta beste 14 urte kalte terroristak egiteko ahaleginagatik.

Ebazpenean egiaztatutzat ematen da auzipetua Totto taldeko kide zela, eta arduradun baten agindupean lehergailu bat jarri zutela Cintruenigoko etxebizitza baten leihoan.

1996ko martxora arte etxe horretan bizi zen guardia zibil bat hiltzea zen helburua, baina ETAko kideek ez omen zekiten beste nonbaitera joan zela bizitzera, eta etxebizitzan "segurtasun indarretakoa ez zen" emakume bat eta bere seme adingabea biz zirela.

2001eko urtarrilaren 28an aurkitu zuten lehergailua, eta ondoren Guardia Zibileko GEDEXeko espezialistek indargabetu zuten.

Guridi Lasa atxilotu zutenean Ertzaintzak bere etxean aurkitu zituen gauza batzuetan oinarritzen da epailea auzipetua zigortzeko, lehergailuaren osagaiekin bat egiten omen dutelako.

Gainera, ETAren zuzendaritzari atzemandako eskuizkribu batzuetan ekintzari buruzko informazio zehatza agertzen omen zen, eta dokumentua aztertu zutenek ondorioztatu zuten Guridi Lasak idatzitakoa zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak